Miceren kontzertua izango da ostiral honetan Arrano tabernan

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 12a, 17:39

Miren Narbaizaren proiektu berria da MICE. Afalostean, 23:00etatik aurrera, aurkeztuko du bere bakarkako lehen diska.

Urte luzez hainbat proiektutan ibili eta gero Miren Narbaizak bere bakarkako bideari ekin dio. MICE izenpean kaleratu du bere debuteko lana. Zortzi kantu, zortziak bereziak, orain arte egindako bidetik ikasi duena eta erakusteko gogoz zegoena doinuetan jarri nahi izan du eibartarrak. Ostiral honetan, hilaren 16an, Arrano tabernan eskainiko du kontzertua, Arranopola Kultur Elkarteak antolaturik.

Lan honetan bidelagun izan ditu Mirenek Joseba Baleztena (konposizioen moldaketak egin ditu eta gitarrak, bajua eta teklatuak gehitu dizkio), Ilargi Agirre zarauztarra (bateria) eta Iñigo Irazoki (soinua).


Napoka Irian hasi zen Miren musikaren munduan, Ander Mujikarekin batera makina bat kontzertu, bost argitalpen eta hamaika bizipen konpartituz. Ordutik ez da geldi egon, Perlak, Joseba B. Lenoir edo Dual Split taldeetan ere ikusi ahal izan dugu gitarra, teklatuak eta ahotsarekin lagunduz. Orain, besteekin konpartitzeaz gain, bere barrurako bidaia egiteko tenorea iritsi zaio, bere lanik eta pertsonalena.