Ibai Gesalaga: «Mentalitate irekiarekin etortzeko eskatzen diet zarauztarrei»

Onintza Lete Arrieta 2018ko ots. 13a, 10:21
Ibai Gesalaga, finatza pertsonaletan 'coach'-a (Onintza Lete Arrieta).

Gaur 19:30ean hitzaldia eskainiko du Ibai Gesalaga finantza pertsonaletan coach-ak Antoniano aretoan, bitcoin diru birtualari buruz. ZarautzOn elkarteak gonbidatu du taldearen denboraldiko lehen ekitaldira.

Coach-a zara finantza pertsonaletan. Zein da zehazki zure lana?
Nire egitekoa da jendeari laguntzea bere egoera finantzieroa hobetzen. Esaterako, tresnak ematen dizkiet jakin dezaten nola aurreztu hobeto. Egoera ekonomikoa ona bada, berriz, nola inbertitu erakusten diet.

Gure gizartean kosta egiten zaigu diruaz hitz egitea, ezta?
Gai tabua da, baina garrantzitsua, diruaz pentsatzeko moduak asko eragiten baitu harekin dugun harremanean eta jokaeran. Bezeroekin hori ere lantzen dut, norberaren sinesmenen arabera, ikuspuntua asko aldatzen baita diru kontuetan.

Gaur bitcoin diru birtualaz hitz egingo duzu. Horretaz aholkurik eskatzen al dizute?
Diru birtualarekiko interesa duen jendeari aholkua ematen diot; hor sartu nahi badu norbaitek, ahalik eta ondoen informatzen dut. Oraingoz, ordea, ezagunekin hitz egiten dut horretaz; orokorrean ez da jende askorik gerturatu galdezka, gaia berria baita. Gabonetatik hona hasi da zabaltzen.

Hain zuzen, komunikabideak orain hasi dira diru birtualaren gaia lantzen. Zer iritzi duzu, adibidez, medio handiek ematen duten informazioaz?
Asko aipatzen da trafikatzaileek erabiltzen dutela dirua zuritzeko, eta droga trafikoarekin eta pornografiarekin ere lotzen da. Interneti buruz gauza bera esaten zen hasieran. Kontua da honek min handia eman diezaiekela bankuei eta finantza sistemari. Horregatik, interes handia dago beldurra sartzeko eta bitcoin-aren kontra jarduteko. Egia da oso berria dela eta prezio aldetik oso gorabeheratsu dabilela, eta espekulazio handia dago. Baina, bestalde, teknologia aldetik gauzak asko alda ditzake.

Zein zentzutan?
Ez daukazu hirugarren batean konfiantza jarri beharrik. Pertsona bati dirua bidaltzeko, gaur egun bankuarengan jarri behar duzu konfiantza. Sistema honekin, zuzenean bidaltzen duzu, bitartekorik gabe. Beraz, bankuaren beharra desagertu egingo litzateke kasu batzuetan. Kontrola geuk izango genuke, eta beraz, gauzak asko aldatuko lituzke. Horregatik, hitzaldira mentalitate irekiarekin etortzeko eskatu nahi diet zarauztarrei.

Konfiantza aipatu duzu. Yuval Noah Harari pentsalariak esaten du gure sistema ekonomiko osoa konfiantzan oinarritzen dela. Bitcoin-ak ere horregatik du arrakasta, ezta?
Diruak berez ez du baliorik, ez dolarrak, ez euroak, ez bitcoin-ak. Horien indarra da guk konfiantza ematen diegula etorkizunean izango duten balioaz. Euroaren edo dolarraren kasuan, konfiantza hori Estatuak edo Europako Banku Zentralak ematen du. Krisiaren ondotik, zirkulazioan dagoen diru kopurua bost aldiz gehitu zuten, eta hala, inflazioa handitu zen eta aurrezkiak dituen jendeari eragin dio, diruak balio gutxiago baitu.

Bitcoin-ak ez du arazo hori.
Urrearen patroia jarraitzen du: mugatua da, sortzeko minatu egin behar baita, hau da, ordenagailuetan matematika kalkulu batzuk egiten dira eta kalkulu hori egiten duten pertsonei, sari gisara, bitcoin-ak ematen zaizkie. Lan hori eginez gero, edonork sor ditzake eta, beraz, demokratikoagoa da. Adibide batekin oso ondo ulertzen da esan nahi dudana: ez litzaiguke gustatuko komunikabide bakarra egotea eta hori Estatuak kontrolatzea, baina diruarekin horixe egiten dugu.

Gaurko umeek zer diru mota erabiliko dute zure ustez?
Pentsatzen dut gobernuak saiatuko direla cash less society sortzen, hau da, diru fisikorik gabeko gizartea. Hogei urte barru ez da diru metalikorik egongo, eta diru birtuala bi motatakoa izango da: estatuek sortutakoa bat, eta diru librea, bestea.

Erlazionatuak