Gorka Arrese: “Ez gara batere modernoak, ez dugulako kultura lehen lerroan jarri”

Uxue Alberdi / Hitzen Uberan 2018ko ots. 13a, 11:46
Gorka Arrese, Susako editore ohia (Hitzen Uberan).

Susa argitaletxeko editore lanari utzi dio Gorka Arresek, eta horren aitzakian elkarrizketa egin dio Uxue Alberdik Hitzen Uberan euskal literaturaren atarirako.

1988an editatu zuen lehendabizikoa: Xabier Montoiaren Narraztien mintzoa poema-liburua. 2017an azkena: idazle berareren Hitzontziak nobela. Bitarte horretan orkestra-gizona izan da Susan. Testuak editatzeaz eta idazleekiko tratuaz gain bere lanen artean izan ditu inprentara joatea, azalak enkargatzea, aurrekontuak negoziatzea, liburuak distribuidorara eramatea, biltegia kudeatzea, aperitiboak ordaintzea eta batzuk gehiago.

“Nekatuta nago”, diozu.
Zorte handia izan dut. Ofizioak jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Eta lantegi desberdinak. Inprimatzailetik dendarietaraino, editoreetatik kazetarietara, idazleetatik ekitaldi literarioak antolatzen dituztenetara. Orkestra bat banintz bezala, halaxe sentitu naiz batzuetan. Asko lotzen duen lana da. Oso ederra da. Baina obsesiboa da. Osasuna eduki behar da. Zenbat eta denbora gehiago eskaini, orduan eta gehiago eskatuko dizu.

Bokazio literarioak eraman zintuen edizio lanetara ala herrigintzak, euskalgintzak, militantziak?
Literatura gustatzen zitzaidan, eta idaztea; Argian elkarrizketak egiten nituen, kronikak, albiste laburrak, tokatzen zena. Utzi egin nion unibertsitatera joateari. Karmelo Landa eta Josu Landa Gabriel Arestiren lan guztien bilduma prestatzen ari ziren, hamar liburutan, eta nik Karmelori laguntzen nion mekanografiazko akatsak detektatzen. 1986ko abenduan plazaratu zituzten. Liluratuta geratu nintzen, 21 urte neuzkan, orduan hasi nintzen ikusten eta ikasten nola egiten ziren liburuak. Hura izan zen nire unibertsitate partikularra.

Nola definituko zenuke editore lana?
Idazlearen laguntzailea da editorea, idazleari bere liburua ahalik eta egokien plazaratzen lagunduko diona. Idazlearen ahalegin estetikoaz arduratuko da aurrena, baina ondoren liburuaren forma fisikoaz, fabrikazioaz, finantziazioaz, zabalkundeaz eta promozioaz. Proiekzio kultural garrantzitsua izan dezakeen lan batean parte hartzeak ardura espezial bat daukan arren, eguneroko lan nekoso ezberdinen erruz editoreari ahaztu egiten zaio erneago egon behar duela detaileetan hutsik egin ez dezan. Baina kondenatuta dago hutsak egitera. Zergatik? Ba, idazlearentzat literatura delako liburu bakarra, bere liburua, idazten ari den huraxe, aurrekoak baino hobea izango dena noski, ahal duen onena dudarik gabe; baina editorearentzat lau liburu dira literatura, lau libururen produkzioa aldi berean udaberrian, denak batera zaindu beharko ditu, bakoitza bere sortze prozesuan; eta gainera ezin du despistatu, udazkenean argitaratu behar lituzkeen hurrengo bost liburuez arduratzen hastea ere komeni baitzaio. Agian lan egin beharko du udan.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Hitzen Uberan