Merkatutik Zuretzat! ekimenaren hamaikagarren saioa egingo dute larunbatean

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 14a, 18:04
Merkatutik Zuretzat! ekimenaren aurreko saio bat Merkatu Plazako lehen solairuan.

Arkumea, eskarola eta hurrak izango dira protagonista Merkatu Plazako lehen solairuan ospatuko den ekitaldian.

Lehen sektorea indartzeko eta Zarauzko Merkatu Plaza sustatzeko abian jarritako Merkatutik Zuretzat! ekimenaren hamaikagarren ekitaldia ospatuko da larunbatean, otsailak 17, goizeko 11:00etan. Zarauzko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urkomeren babesarekin, Aiala Ostalaritza Eskolako Lierni Gutierrezek eta Eneko Arandiak plater tradizional bat eta pintxo bat prestatuko dituzte, Merkatu Plaako lehen solairura bertaratzen diren guztien aurrean. Sasoi honetako protagonista diren hiru produktu erabiliko dituzte plater hauek prestatzeko: arkumea, eskarola eta hurrak.

Platerari dagokionez, ikasle bikoteak Esneko bildotsa "erre-gisatua", patatagratina eta eskarola entsaladarekin egindako plater tradizionala prestatuko du, eta ondoren, gilda arkumearekin, hur-praline eta Gernikako piperrekin prestatutako pintxoa nola egiten den iraktsiko diete gerturatzen diren guztiei. Honez gain, prestatutako ehun pintxo banatuko dituzte parte hartzaile guztiek dastatzeko, Urtetako Mokoroa txakolindegiko txakolinarekin batera. Prestatuko diren plater eta pintxoaren errezetak eskuragarri izango dira ekitaldian.

Ekitaldi honetan dastatuko diren bertako eta garaian garaiko ekoizle eta saltzaileek ere hartuko dute parte eta hilabete honetako produktuen inguruko azalpen txikia emango dute. arkumearen inguruan Benetako Berezia harategiko Joxe Miguel Larrañaga arituko da; eskarolaren inguruan, Gurmendi baserriko Mikel Eizagirre eta, azkenik, txakolinari buruz, Mokoroa Txakolindegiko Joseba Mokoroa. Honez gain, Merkatu Plazan erositako produktuez osatutako otarra zozketatuko da ekitaldiaren amaieran.

Jesus Arana Sustapen Ekonomikoko zinegotziak zarauztarrak ekimenaren lehen ziklo honetako azken ekitaldietara gerturatzera animatu ditu. Gogorarazi du Merkatutik Zuretzat!-en bidez garaiko eta bertako produktuak ezagutu eta nola kozinatzen diren ikasteko aukera izan dutela herritarrek, baita produktuen ekoizleak zuzenean entzuteko eta galderak egiteko ere. Aipatu du zikloa amaitzean balorazio bat egingo dutela eta Zarauzko Merkatu plazari babesa emateko eta sustatzen jarraitzeko, larunbat honetako ekitaldirako gonbita luzatu die zarauztarrei.