Olatu handien arrantzan

Ane Olaizola 2018ko ots. 16a, 10:09
Indar Unanue, urte hsieran, Debako Sorginetxe Big Wave Erronkan. (Edu Bartolome / EHFS)

Kirol "gogorra" eta "arriskutsua" da olatu handietako durfa, baina ikusgarria ere bada, eta sona hartu du azkenaldian. "Bizitzeko modu bat" dela diote surflariek. Indar Unanue eta Ibon Amatriain surflariekin izan da Gipuzkoako Hitza.

Urte gutxiren buruan sona handia hartu du olatu handietako surfak. Gero eta gehiago dira olatu amaigabeen arrantzan dabiltzan surflariak, eta horren adibide da han-hemenka egiten diren nazioarteko txapelketak ugaritu izana. Euskal Herriko kostaldeak ematen dituen aukerez baliatuta, gaur egun surflari ugari dabil olatu erraldoiak hartzeko lehen lerroan borrokan, eta, kirol horren arriskua handi samarra bada ere, surflariek eurek “bizitzeko modu batekin” lotu dute jarduera.

Indar Unanue (Donostia, 1987) azken urteotan ezagun egin da olatu handietako surfean. Iaz, esaterako, hirugarren sailkatu zen Punta Galeako (Bizkaia) olatu handietako txapelketan, eta euskal surflarien artean Deban egin zuten Sorgiñetxe Big Wave erronka irabazi zuen urtea hastearekin batera. Unanue 12 urterekin hasi zen lagunartean surfa egiten, Zarautzera bizitzera joan zenean, eta azaldu du olatu handiak zeuden egunetan, “oharkabean”, “gogo handiagoarekin” sartzen zela uretara. “Olatu handiak hartzean izaten nuen sentsazioa gustatzen zitzaidan niri”. Gerora ofizio bilakatuko zen afizioa lantzen hasi zen orduan. 17 urte zituela egin zuen lehen bidaia Hawaiira, surfaren sehaskara, eta han egin zen ezagun: “Waimea hondartzako olatu famatua hartzeko aukera izan nuen, eta une horixe bera harrapatu zuen argazkilari batek. Surfline webgune ezagunaren azalean argitaratu zuten argazki hura, eta nire ibilbidean jauzi handia izan zen gertaera hura”. Orduan hasi zen txapelketetan buru-belarri lehiatzen.

Unanuek azaldu duenez, oso azkar ari da hazten surfaren diziplina hori. “Olatu erraldoien bila dabiltzan surflarien izen asko agertzen ari dira”. Jarduera horretan profesional gisa ibiltzeko, gainera, erabat horretara jarrita egon beharra daukatela gaineratu du: “Fisikoki prest egoteaz eta itsaski guztien berri izateaz gain, edozein unetan munduaren bestaldera joateko bitarteko guztiak behar dira”.

Erreportajea osorik irakurtzeko: Gipuzkoako Hitza