La Flecha taldearen aurka jokatuko du Ulacia Grupok larunbatean

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 16a, 17:06
Ulaci Grupo jokoan, Easoren aurka (ZAST).

Bolada txarrari buelta ematen ahaleginduko da Zarauzko gizonezkoen saskibaloi taldea, etxetik kanpo jokatuko duen norgehiagokan.

Ulacia Grupok La Flecharen aurka neurtuko ditu indarrak bihar, Arroyo de la Encomiendan (Gaztela eta Leon, Espainia), 18:30ean hasita. Zarauzko taldeak azken unera arte ez dakite zeintzuk jokalari izango dituzten bidaiatzeko moduan, min hartutakoen zerrenda nahi baino luzeagoa duelako. Nolanahi ere, bolada txarrari amaiera eman nahi diote Ulaciakoek, eta gogo horrekin aterako dira kantxara. Izan ere, etxeko partidan 60-51 izan ziren garaile zarauztarrak gaztelarren aurka, joan etorri asko izan zituen partida batean.

Bestalde, errendimenduko infantil neskek Bidebietan jokatuko dute beren partida Eaos 05 Lore Gourmet taldearen kontra, igandean, 10:00etan. Jokin Zulaikaren hitzetan partida garrantzitsua izango da, sailkapeneko 4. postua dagoelako jokoan.