Martxoaren 23a baino lehen ordaindu beharko da aurtengo TAO bereizgarria

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 17a, 09:00
TAO zerbitzua herrigunean (Hitza).

Ordainketa egiteko hainbat bide daude, eta behin hori eginda, bereizharria etxera bidaliko dute 15 eguneko epean gutxi gorabehera.

2018 urteko TAO bereizgarriaren ordainketa egiteko epea zabalik dago, eta martxoaren 23a baino lehen egin beharko da. Urtero bezala, ordainketa egiteko hainbat aukera daudela jakitera eman du Mugikortasun Sailak: Zarauzko Udalaren webgunetik egin daiteke, Nire ordainketa zerbitzuaren bidez; kutxazain automatikoetan, zerbitzu hori eskaintzen duten entitateetan; bankuetan, ordainagiria aurkeztuta (Kutxabank, BBVA, Laboral Kutxa, Caixabank, Bankoa, Caja Rural Santander, Sabadell, Popular); edo Herritarren Arreta Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29). Era berean, hurrengo ordainagiriak helbideratzeko eskatu ahal izango dute herritarrek ordainketa egiterakoan.

Mugikortasun zinegotzi Maite Garrastazuk adierazi duenez, behin ordainketa eginda TAO bereizgarria posta bidez bidaliko dutela etxera, gutxi gorabehera 15 eguneko epean. Horrekin batera, gogorarazi du 2017 urteko bereizgarriak ez duela balioko martxoaren 23tik aurrera.

TAO bereizgarrien inguruan informazio gehiago nahi dutenek TAO bulegora (Urdaneta kalea, 5) jo dezakete edo 943-83 22 63 telefono zenbakira deitu.