Musika saioekin ospatuko du Makalak Global Funk-en hamargarren urteurrena

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 19a, 10:53
Saio bereziak ari dira eskaintzen Makala eta Denis B. elkarrekin (Argazkia utzitakoa)

Denis B. perkusionistarekin ari da emanaldiak eskaintzen; hurrengoak Katalunia aldean ditu, asteazkenetik igandera. Belgikara joango dira hemendik gutxira, birarekin jarraitzera.  

Global Funk Soundsystem 2018 Tour abian da. Makala DJa emanaldiak eskaintzen ari da Global Funk-en 10. urteurrena ospatzeko. Musika saioetan, alboan du Denis B. perkusionista, eta bien artean doinu latinoamerikarrak aireratzen ari dira. "Kubatarra da Denis, nahiz Donostian bizi den aspaldidanik, eta haren sustraiak nabari dira gure musikan. Horretaz gain, cumbia kolonbiarra eta Brasilgo doinuak ere sartzen ditugu", azaldu du.

DJ kolektiboa da Global Funk, eta hamar urteko ibilbidea ona izan dela azaldu du Mikel Makala musikari zarauztarrak. Era guztietako emanaldiak eta kolaborazioak egin dituzte hamarkada honetan, eta aukera izan dute bai bertako disko jartzaileek kanpoan aritzeko, bai kanpokoak hona ekarri eta hemen entzuteko. Beste proiektuekin elkarlanean ere aritu dira, esaterako, Donostiako Jazzaldiarekin. "Hamar urte daramatzagu Jazzaldian parte hartzen", azpimarratu du.

Saio bereziak

Orain, Global Funk Soundsystem osatua du Denis B. perkusionistarekin batera, eta hainbat saio eskaini dituzte jada. Aste honetan, adibidez, Katalunia aldean dituzte emanaldiak, asteazkenetik igandera bitartean. Bartzelonan ariko dira aurrena, eta Castello-ko hainbat herritan gero. Ondoren, Belgikan dute hitzordua, eta Herbereetan ere emanaldiak izango dituztela uste du zarauztarrak. 

Disko jartzailearen emanaldietan perkusioa sartuta, saio bereziak ateratzen ari direla uste du Makalak: "Entzuleek eskertzen dute, ikuskizuna indartu egiten du, eta are dantzagarriagoa egiten da".