Santa Klarako pasabideko obrak «azken txanpan» murgildu dira

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 22a, 16:27
Alvaro Moral pasabideko obren zuzendari teknikoa, Aitor Garitano Eusko Trenbide Sareko zuzendari orokorra eta Xabier Txurruka alkatea, Santa Klarako pasabidearen obra eremuan (Aritz Mutiozabal).

Trenbide azpiko hormigoizko kaxaren hormak egiten ari dira, eta komentu pareko arrapala aurreratuta dago. Zimenduak jartzeko era berriarekin hasi dira San Frantzisko kalean.

Santa Klarako azpiko pasabidea eraikitzeko lanak azken fasean murgildu dira, eta dagoeneko trenbidearen azpian sartuko den hormigoizko kaxaren lehenengo lanak ikusten dira. Baita komentuko sarreraren ondoan joango den zigi-zaga itxurako arrapala nola egiten ari diren ere. Obrak bisitatu dituzte gaur goizean Aitor Garitano Eusko Trenbide Sareko zuzendari orokorrak, Alvaro Moral pasabideko obren zuzendari teknikoak eta Xabier Txurruka alkateak, lanekin hasi eta urtebetera. Denbora tarte horretan, «ikusten ez diren lan oso garrantzitsuak» egin dituztela nabarmendu du alkateak, eta orain beste fase batean sartuko dela, «azken txanpan», alegia.

Orain arteko obrak izan dira «zailtasun handiena» izan dutenak, azpiegitura guztiak desbideratu egin behar izan dituztelako.  «Obra ikusgarriena hemendik aurrerakoa izango da», nabarmendu du Txurrukak. Izan ere, zimendu lanak eginda, trenbidearen azpitik igaroko den hormigoizko kaxaren hormak egiten ari dira orain, eta komentuaren aldeko arrapalaren lehen zatia nahiko aurreratuta dago jada.

«Irisgarritasuna bermatzeko», alkateak gogora ekarri du pasabide berriak bi albotara –Santa Klara kalera eta San Frantzisko kalera– izango dituela arrapalak. Komentu ondoko arrapalak zigi-zaga forma izango du; zati batek Salberdinerako bidegorriarekin bat egingo du, eta beste zatiak, komentuko sarreraren pareakoak, Santa Klara kalerantz izango luke jarraipena. San Frantzisko kaletik zuzenean jaitsiko litzateke arrapala. Era berean, Santa Klara kaletik pasabidera sartzeko eskailerak eraikiko dituzte; eta San Frantzisko kaleko sarbidearen bi alboetan eskailerak jarriko dituzte Geltoki eta Herrikobarra kaleetara.


Sistema berria

Aitor Garitano Eusko Trenbide Sareko zuzendari orokorrak azaldu du orain arte egindako obra «konplexua» izan dela. Etxebizitzak obren eremutik oso gertu daudenez, arazoak izan dituztela eta, ondorioz, metodologia aldatu behar izan dutela. «Alde horretatik, eskerrak eman behar dizkiegu inguruko bizilagunei, izan duten jarreragatik eta pazientziagatik. Baina uste dugu obrak bukatzen direnean eremu honek asko irabaziko duela, batez ere, segurtasunari dagokionean. Izan ere, aurrerantzean jendeak ez du zertan trenbide gainetik pasatu beharko, eta hori inportantea da».

Aste honetan hasi dira zimendu lanak modu berri batean egiten San Frantzisko kalean, eta aukera berriak inguruko etxebizitzetan eraginik izan ez duenez, horrekin jarraituko dute. Ez dakite zer-nolako errendimendua izango duen makina horren lanak, eta horren arabera jakingo dute aurreikusitako epean bukatu ahal izango diren lanak.  «Epe ofiziala 18 hilabetekoa da, eta obra abuzturako bukatzea aurreikusten zen hasieran. Ikusiko dugu aldaketa honekin epean sartzeko aukera izango dugun, baina izatekotan aldaketa txiki bat izango da», jakitera eman du Txurrukak.

Aldaketa hauek eragina izan dute aurrekontuan: %40 igoera izan dute, eta ETSk hartuko du bere gain kostu hori. Garitanoren hitzetan, «esfortzu bat egin dugu zentzu horretan. Nahi duguna da inguruko bizilagunek inolako arazorik ez izatea. Garestia da erabiliko dugun sistema hau, baina segurtasun gehien ematen duena da eta beharrezkoa ikusi dugulako lehenetsi dugu. Horregatik, ez dugu pentsatu zenbateko gainkostua izango duen. Gure helburua da obrak lehenbailehen eta ahalik eta ondoen bukatzea».

Alkateak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari eta ETSri obra horiek lehenbailehen esleitzeari, «ezin baitzuten kolokan geratu». Halaber, jakinarazi du joan den hilabetean bizilagunekin batzartu zirela Garraio sailburuorde Antonio Aiz, Garitano eta Txurruka bera, erabakiaren berri emateko.


Oinezkoentzat egokituz

Santa Klarako obrekin lotuta, Zarauzko Udalak abian du San Frantzisko eta Herrikobarra kaleen zati bat oinezkoentzat egokitzeko lanen esleipen prozesua. Lehiaketa egina dago eta behin-behinean egokituta daude lanak. Udala gerakinaren zain dago –martxoa bukaeran edo apirila hasieran jakingo dute zenbatekoa izango den–, eta hortik bideratuko dute esleipen ofiziala egiteko dirua. Bien bitartean, udalak ezin du publiko egin nori egokitu dizkion lanak.

«Aldaketa handiak aurreikusten ditugu 2018an, eta urte bukaerarako ikusiko dugu nola aldatuko den Santa Klara, Herrikobarra eta San Frantzisko kaleen itxura, baina itxura bakarrik ez, segurtasun eta oinezkoen mugikortasuna ere bai», dio alkateak.