Martxoaren 24rako eman behar da izena Gazte Akelarrean parte hartzeko

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 10a, 13:48
Iazko topaketetako irudi bat (Saioa-Gauilunak)

Aste Santurako Gazte Akelarrea topaketak antolatu dituzte Ernaik eta Aitzinak. Oiartzunen hiru egunez hainbat hitzaldi, tailer eta kontzertu egongo dira.

Aste Santua gerturatzen ari da, eta aurten ere gazteentzat topaketak prestatu dituzte Ernai eta Aitzina gazte erakundeek. Martxoaren 30etik apirilaren 1era Oiartzunen hainbat hitzaldi, tailer eta kontzertu egongo dira Gazte Akelarrea topaketetan.

Horren harira, Zarauzko gazteak informatzeko bilera egin dute gaur Musika plazan. Ernaiko kideek azaldu dutenez, izena emateko zerrenda Arrano tabernan dago, eta martxoaren 24a baino lehen apuntatu behar da. Aukera dago hiru eguneratako bonoa erosteko, nahiz egun solteetarako sarrera erosteko.

Aurten ez dute autobusik antolatu. Izan ere, ibilbidearen zati bat oinez egingo dute zarauztarrek. Aurrena, ordea, bizkaitar batzuen bisita jasoko dute herrian. Hain zuzen, Kaskagorrikoek Zarautzen egingo dute geldialdia, Oiartzunera bidean.

Beraz, haiei harrera egingo diete martxoaren 28an Putzuzulo gaztetxean, eta 29an Donostiatik oinez abiatuko dira Oreretara, bertan lo egin eta hilaren 30ean Oiartzunera iristeko.

Gazte Akelarreari buruzko informazioa eta egitaraua eskuragarri dago gazteakelarrea.info webgunean.