«Herri askotan ez duten altxorra da Zarauzko Merkatu Plaza»

Onintza Lete Arrieta 2018ko mar. 13a, 08:00

Eli Arrillaga artzaina eta Jesus Arana zinegotzia, ekitaldian. (Onintza Lete Arrieta)

Merkatutik Zuretzat! ekimena egin dute hamabi hilabetez, herriko baserritarren produktuak sustatzeko. Jesus Arana zinegotzia gustura dago egindakoarekin.

«Badakigu Zarauzko Merkatu Plaza bizirik dagoela. Baina nahi duguna da hori etorkizunerako bermatu». Hain zuzen ere, helburu horren barruan kokatu ditu Jesus Arana zinegotziak (EAJ) Merkatutik Zuretzat! bezalako dinamikak. «Merkatu Plaza astelehenetik larunbatera egoten da zabalik, eta hori herri askotan ez duten altxorra da», azpimarratu du.

Adierazpenok larunbatean egin zituen, Merkatutik Zuretzat! egitasmoaren azken egunean. Hamabigarren saioa egin zuten, eta oraingoz bukatutzat eman dute ekimena. Ekitaldi berezia izan zen. Ohi bezala, Aiala Ostalaritza Elkartekoek zuzenean prestatu zituzten bi plater. Garaiko eta bertako produktuak aukeratu zituzten, eta jana nola prestatu azaldu zuen Lierni Gutierrez ikasleak. Produktuei buruzko azalpenak, berriz, Mikel Eizagirrek (Gurmendi baserria) eta Maite Agirrek (Arizia sagardotegia) eman zituzten.

Horren aurretik, ordea, Eli Arrillaga artzain zarauztarrari buruzko Dominica laburmetraia eskaini zuten. Amaieran, Arrillagak jendaurrean bere historia hunkigarria eta indartsua kontatu zuen. Baserrira gazterik ezkondu, eta artzain lanak ezagutu zituen. 25 urterekin alargundu zen, ordea, eta lanbide horretan jarraitzea erabaki zuen, berak bakarrik. Berriz ezkondu zen gero, artzain batekin, eta ohartu zen nola pasa zen artzain izatetik artzainaren emazte izatera.

Bere tokia defendatzen du Arrillagak, eta larunbatean emakume baserritar denak gogoratu eta zoriondu zituen Jesus Arana zinegotziak ere. «Merkatu Plazara goizero etortzen diren baserritar emakumeei eskerrak eman nahi dizkiet, lan isilean aritzen dira, baina egiten duten ekarpena ikaragarrizkoa da», gaineratu zuen Aranak.


Postuak lehiaketara berriz

Egitasmoak emandakoarekin oso gustura gelditu da zinegotzia, eta eragileen arteko elkarlana goraipatu zuen larunbatean. Horrez gain, Merkatu Plazari lotuta udalak zein asmo dituen ere aurreratu zuen. Argi du zein diren lan ardatzak. Batetik, eraikina bera mantentzera bideratutako lanak daude, eta, bestetik, sustapenera bideratutakoak. Alegia, bertako eta garaiko produktuak sustatzeko kanpainak egiten jarraituko dute, eta baserritarren prestakuntza sustatzen saiatuko dira.

Merkatu Plaza hobetzeko lanen artean, esaterako, argiztapena hobetuko du udalak. Bestalde, postu bakoitzari buruzko informazioa eman nahi dute aurten. «Zer baserritako produktuak diren, ekologikoa den ala ez, eta halako informazioa modu txukun eta egoki batean helarazi nahi diogu herritarrari».

Aurten ikastaroak egitea ere proposatu diete baserritarrei. «Azken batean, beraiek saltzaileak dira, eta ikastaroak lagundu egingo die postuak polit jar ditzaten, txukun mantendu ditzaten eta produktua nola saldu jakin dezaten».

Bestalde, Merkatuko postu gehiago eskatu dituzte baserritarrek, eta horregatik, aurten berriz egingo dituzte lehiaketak, Merkatu Plazan postua jarri nahi duten baserritarrei zuzenduta. «Zozketa bidez erabakitzen da zeinek izango duen postua, eta, horregatik, lehentasuna zarauztarrek izango dute», azaldu du Aranak.

Jada gai hori lantzen ari dira, eta uda baino lehen nahi dute egin zozketa.