zarauzkohitza.eus

"Emozio nahasketa handi bat dira udalekuak"

Amaia Urbieta Arruti 2018-03-13 17:26   gizartea

Euskal Udalekuetan izena emateko epea zabalik egongo da martxoaren 19a arte. Bertan, Zarauzko eta inguruko herrietako hainbat begirale jarduten dira urtero begirale zein sukaldari lanetan, eta horietako hiru dira Osa, Valentin eta Martinez.

"Emozio nahasketa handi bat dira udalekuak"
Osa, Valentin eta Martinez (goitik behera) Zelai ondoko jolas parkean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Eider Valentin (Zarautz, 1988), Bernedoko hirugarren txandara joan izan da 12 urtez sukaldari zein begirale moduan. Miren Osa (Zumaia, 1995) Euskal Udalekuetako hiru etxeetan –Bernedo, Abaigar, Goñi– izan zen ume zela, eta azken urtea Abaigarren igaro ondoren, aktiboki jardun da ia urtero begirale moduan Abaigarko udalekuetan. Sara Martinezentzat (Zarautz, 2000), 2017koa izan zen bere lehen esperientzia begirale lanetan. Ez zituen Euskal Udalekuak ezagutzen aurretik, eta Bernedoko hirugarren txandan izan zen Valentinekin batera.

Zer da Euskal Udalekuak gainontzeko udalekuengandik bereizten dituena?
Eider Valentin
: Euskal Udalekuak borondateari esker egiten dira, beraz, puntu horretatik abiatuz hasten da berezitasuna. Horra joaten garenok diruak ematen ez digun zerbait irabazten dugu. Nirea, adibidez, oso kasu argia da, hamabi urte baitaramatzat borondatez joaten. Niretzat, egun hoiek amesten dudan Euskal Herri librea, euskalduna eta hori guztia Bernedon errealitate bihurtzen da. Zaintzari garrantzi handia ematen zaio, poza arnasten da... Ezagutzen ez zenuen pertsona bati bigarren egunerako zure bizitza kontatzen diozu. Egunerokotasunean euskaraz bizi ezin duten haur askori euskaraz bizitzeko aukera ematen diegu egun horietan. Ez da berdina eremu euskaldun bateko haur bat euskal udalekuetara joatea edo hainbeste euskara hitz egiten ez den herriren batetik joatea. Badakite euskaraz egin behar dutela eta guk esaten diegunaz gain, euren artean ere jartzen dituzte arauak.

Miren Osa: Haurrek kuota bat ordaintzen dute, baina, beste udalekuekin konparauta, oso merkea da. Etxearen urteko mantenimendua, janaria... Udalekuaren gastuak ordaintzen dira kuota horiekin. Begiraleek eta sukaldariek ez dute soldatarik jasotzen. Horra joaten garenok borondate propioz joaten gara, askotan pertsonak berak bizi izan duelako edo inguruko norbaitek tentatu eta esperientzia bizi nahi izan duelako. Nire inguruan ahoz ahokoak asko funtzionatu du. Hamabost egun horietan zehar hustu egiten zara, ahitu, baina aldi berean asebetetze sentipen batek heltzen zaitu. Harremanak oso horizontalak dira, talde guztietan bezela jendearen esperientziak balioa dauka, baina ez da botere harremanik sortzen. Esan daiteke, oasi txiki bat dela.

Sara Martinez: Nik oso pertsonaletik azalduko dut esperientzi. Joan aurretik mila motibazio eta mila beldur izan nituen batera. Banekien begirale gazteena nintzela eta hurrengo txandako begiratuek nire adin berbera zuten. Txandaren aurretik gainontzeko begiraleekin parranda batzuk bota nituen eta banekien talde indartsua geneukala. Baina beldurra hor zegoen, zaharragoak ziren eta ez nintzen guztiz seguru sentitzen. Udalekuetatik aspaldi itzuli nintzen, bina uste dut oraindik ez dudala sinistu han bizi nuen guztia. Ez neukan ideiarik zetorkidanari buruz, egunak igaro ziren eta ez zidan denborarik eman bizitzen ari nintzen guztia prozesatzeko. Niretzat zoragarria izan zen, pertsonalki asko ase nintzen eta lagun asko egin nituen. Amets bat bezalakoa izan zen, emozio nahasketa haundi zoragarri bat, izugarrizko esperientzia. Gure egunerokotasunean ateratzen ez dugun haur hori ateratzen dugu udalekuetan.

Abaigar, Bernedo eta Goñi, hiru herri ezberdinetan egiten dituzue Udalekuak. Ba al du bereizgarririk etxe bakoitzak?
E.V.
: Lehen laugarren bat bazegoen, Urdirotz, baina gar egun Euskal Udalekuak hiru etxe ezberdinek osatzen dituzte: Abaigarrek, Bernedok eta Goñik. Beno, aurten, Abaigarren egiten ziren txandak Ozaetan egingo dituzte, etxearekin arazoak izan dituztelako. Orokorrean, etxe bakoitzak antolatzeko eta funtzionatzeko bere modua dauka, baina hirurok balore eta ideia komunak dauzkagu.

M.O.: Egia da, hiru proiektuak guztiz ezberdinak dira. Independenteki funtzionatzen du etxe bakoitzak: ordutegia, jendea fitxatzeko modua, bilerak... Baina gure baloreak berdinak dira eta berdinagatik borrokatzen dugu. Hiru herriek amankomunean duten beste elementua kokapen mota da. Hirurak dira erdi isolaturik, hiriko kaosetik urrun dauden herri txikiak. Horren adibiderik garbiena Goñi da. Bernedo eta Abaigar hobeto komunikatuta daude, baina Goñi oso urrun dago toki guztietatik.

Abaigarren, esaterako, herriko umeek askotan parte hartzen dute gure jolasetan. Aurreko urtean, ezin izan genituen Abaigarren egin udalekuak, herriko jendearen kexengatik. Baina gero, herri osoa gure alde agertu zen, bertako festetara joan ginen udan, eta herriko sarreran ongi etorri pankarta bat eta guzti egin ziguten. Horrek pentsarazi zigun herriari zerbait ona ere emten diogula. Azkenean, udalekuak aurrera ateratzeko gastuak bertako dendetan egiten ahalegintzen gara, herria euskalduntzen dugu... Egia esan, kexak ere ulergarriak dira, hilabete osoan zehar etengabe haurrak gora eta behera ibiltzen direlako herrian zehar, oihuka, musika ozen... Dena den, orain arte Abaigarren izan diren udalekuak aurten Ozaetan izango dira.

Nolakoa da egun bat Euskal Udalekuetan?
S.M.: Nik ikusi ahal izan nuen hamabost egunez nola haurrei babes izugarria ematen zitzaien, ez zegoen zalantzarik uneoro heldulekurik ez zitzaiela falta. Haurren eta begiraleen arteko gertutasuna nabarmenduko nuke, baita begiraleen artekoa ere. Niretzat, adibidez, gertutasun eta babes hori funtsezkoak izan ziren, Euskal Udalekuetara joaten nintzen lehenengo aldia zelako. Egunero, goiz-goizetik festa giroa izaten da nagusi. Egun guztiek daukate zerbait berezia, egun bakoitzean gai jakin bat lantzen ahalegintzen gara. Sormena asko lantzen da, abestiak egiten ditugu...

E.V.: Beti balore jakin batzuk lantzen ahalegintzen gara, baina nik urtez urte balore horiek eraldatzen ikusi ditut. Esaterako, lehen entzierroa egiten genuen eta gaur egun ez, lehen pijama desfile bate egiten genuen, baina gaur egun ez dugu pasarela eredu hori sustatu nahi, beraz, hori ere aldatu egin dugu. Lehen hainbesteko hausnarketarik gabeko ekintzak egiten genituen, begiraleak ridikulizatu, elkarri gauzak bota... Gaur egun ez ditugu horrenbeste sustatzen halako ekintzak.

Nabarmentzekoa da, Bernedotik urtero Korrika pasatzen dela. Bernedo berezia da. Iadanik bukatu baldin bada berriz etortzen da gugana eta urte horretan ez bada korrikarik izango, antolatzaileek Bernedorako espreski prestatzen dute, furgoneta, lekuko eta guzti. Olinpiada alternatiboak ere egiten ditugu, bi egunetako mendi martxa...

S.M.: Aurten, esaterako, kulturarteko eguna egin dugu. Begiraleok ere ikaragarri ikasi genuen, eta, orokorrean, aukeratutako gai guztiekin gertatzen da. Nik uste dut balore asko transmititzen direla etengabe, ekintza txiki bakoitzarekin.

Euskararen paradisu txiki bat bezala definitu dituzue orain arte udalekuak. Euskal Herriko txoko guztietatik joaten al zaizkizue umeak?
M.O.
:Bai. Adinaren eta txandaren araberakoa izaten da askotan. Guri tokatu izan zaigu noiz edo noiz oso talde erdaldunen bat. Kasu horretan bilera berezi bat egin behar izan genuen eta euskararen aldeko egun berezi bat antolatu. Egun horretan, herri euskaldunagoetako haurrak ohartu ziren Bilbo inguruko hainbati zenbat kostatzen zitzaien euskaraz egitea. Hortik aurrera elkarri izugarri lagundu zieten.

E.V.: Gu txikienekin ibiltzen gara (6, 7 eta 8 urtekoak), eta euskararen arloan elkarri hainbeste laguntzen ikusteak asko hunkitzen gaitu. "Gogoratu hemen ezin dela gazteleraz egin e!" esaten diote elkarri. Aurtengoan ere Euskal Herriko bazter guztietako haurrak izatea espero dugu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa