Irakasleen %87,5ek egingo dute greba bihar eta etzi Orokietan

Onintza Lete Arrieta 2018ko mar. 13a, 10:36
Artxiboko irudian, Orokietako langile batzuk protestan (Orokietako bloga)

Sindikatuek martxoaren 14rako eta 15erako deitu dituzte grebak ikastetxe publikoetan. Salbatore Mitxelena Ikastolan, berriz, ez dute grebarik egiteko asmorik. Bestelako itunpeko ikastetxeetan martxoaren 20rako deitu dituzte grebak, eta La Sallen gaur dute batzarra irakasleek.

Bihar eta etzi greba eigngo dute Orokieta ikastetxe publikoko irakasle gehienek. Haur Hezkuntzan %95ek egin dute bat sindikatuen deialdiarekin, eta Lehen Hezkuntzan, berriz, %80ak. Denera, irakasleen %87,5ek egingo dute greba lan baldintza hobeak eskatzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Ikastetxeak eman ditu datuok, eta jakinarazi du, hala ere jangela zerbitzua egongo dela.

Hezkuntza publikoko ikastetxeetako langileei eragiten die grebak. ikastolen Elkarteko ikastexeek, berriz, ez dute grebarik egiteko asmorik. Hala esan diote HITZAri Salbatore Mitxelena Ikastolakoek.

Azkenik, bestelako itunpeko ikastetxeek ere badute protestarako asmoa. Haien kasuan, akordio bat lortu nahi dute itunpeko ikastetxeetako langileentzat. Martxoaren 20rako dute deitua grebara, eta La Salle ikastetxean, esaterako, gaur egingo dute batzarra irakasleek.

Haurreskolan, normaltasunez

Bestalde, Zarauzko Haurreskola irekita egongo da bihar eta etzi. Izan ere, greba deialdiak ez du aurrera egin bertan, ezezkoa atera da. Hortaz, normaltasunez egingo dute lan bertan.

Oraingoz, Lizardi Institutuko irakasleen erabakiaren berririk ez du HITZAk. Ikastetxetik azaldu dutenez, batzuk greba egitekoak dira, baina bihar arte ez da jakingo zenbaterainokoa den jarraipena. Izan ere, bilerarik ez dute egiten, eta norberak erabakitzen du grebarekin bat egin ala ez.

Monte Albertian greba egingo duten ere informaziorik ez du momentuz egunkari honek.