Ostiral honetan da Zarauzko Ikurrina Mus Txapelketako finala

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 15a, 11:58
Txapelketako une bat (Zurekin)

Kulixka jatetxean izango da finala 19:30ean, eta 6.000 euro egongo dira jokoan. Aurrez aurre ariko dira Muno anaia azpeitiarrak eta Iñaki eta Iker Aizarnazabalgo anaiak. Jarraian egingo dituzte sari banaketa, afaria eta mus txapelketa azkarra.

Ostiral honetan, martxoaren 16an, jakingo da zeinek irabaziko duen Zarauzko Ikurrina Mus Txapelketa. 6.000 euro daude jokoan, eta diru hori Azpeitira edo Aizarnazabalera joango da. Izan ere, aurrez aurre izango dira Muno anaia azpeitiarrak eta Iñaki eta Iker Aizarnazabalgo anaiak.

19:30ean hasiko da finala Kulixka jatetxean. Ondoren, sari banaketa egingo dute, eta bertan afalduko dute (30 euro ordaindu behar da pertsonako). Gero, mus txapelketa azkarra egongo da.

54 bikote aurtengoan

Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dute 54 bikotek hartu dutela parte aurtengo lehiaketan. Eta sailkapenaren berri ere eman dute. Honakoa da:

-3. sailkatuak: Juan eta Mikel (Zestoa)

-4. saillkatuak: Xarra eta Xabi (Azpeitia)

-aurreneko zarauztarrak: Ristra aita-semeak

-aurreneko bikote mistoa: Sandra eta Andoni (Getaria-Zumaia).

Afarirako txartelak eta txapelketa azkarra

Txapelketan ibili diren bikoteei finalera gerturatzeko eskatu diete antolatzaileek. Izan ere, sari banaketan denentzako sariak egongo direla gogorarazi dute.

Horrez gain, jakinarazi dute afaltzeko txartelak salgai daudela Karlos Argiñanon, Euromarren, Itxaskin eta Itxas-Lurren. Esan bezala, 30 euro balio du pertsonako.

Horrez gain, afalosteko mus txapelketa azkarrean parte hartu nahi duen bikoteak 30 euro ordaindu beharko ditu.