Bideoa: Izeta II.a omendu dute Garagardo Azokan

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 29a, 10:45

Atzo iluntzean zabaldu zituen ateak 2018ko Zarauzko Garagardo Azokak. Aurten, Zarautz Rugby Taldeak harrijasotzaile bat omentzea erabaki du: Joxe Ramon Iruretagoiena 'Izeta II.a'. Atzo bertan egin zioten aitortza xumea, eta HITZAk topa egiteko momentua jaso du bideoan.

Zarautz Rugby Taldearen izenean, Xabi Unanuek hitz batzuk egin zituen. Izeta II.aren ibilbidea goraipatu zuen, eta azpimarratu zuen iaz erretiroa hartu zuela, bi errekor eginda.

Izeta II.ari hitz batzuk egiteko eskatu zion. Labur baina argi mintzatu zen harrijasotzailea. Esan zuen omenaldi asko jaso dituela berak, baina beti gustura hartzen direla horrelakoak. Garagardo Azoka oso gustukoa duela ere esan zuen, eta bertan zeudenei eskaera bat egin zien: "Denok zintzo portatu zaitezte, egun askoko festa da hau eta ez dadila istripurik egon".

Amaieran "Gora Zarauzko Udala!" ere atera zitzaion. Bertan zeuden, izan ere, Xabier Txurruka alkatea eta Ixidor Larrañaga eta Iban San Martin zinegotziak.

Izetaren alde topa egin aurretik, errugbi taldearen elastikoa eta bufanda eman zizkioten; eta baita jantzi ere, hark. Hemen ikus daiteke lehenengo eguneko argazki bilduma.