Kaskamartxa: "Saiatzen gara urtean zehar hainbat ekintza egiten"

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 29a, 13:52

Arratsaldean iritsi ziren Zarautzera Kaskagorri konpartsako 30 lagun inguru. Debatik oinez egin zuten bidea, eta gaua Putzuzulo gaztetxean pasa dute. Gaur goizean Donostiara joan dira, baina taldetxo bat Gaztetxean gelditu da, lagunentzat janaria prestatzen.

Oiartzunen izango den Gazte Akelarrera doaz Kaskamartxako kideak. Urtero bezala, bidearen zati batzuk oinez egiten ari dira, eta atzo Debatik iritsi ziren tipi-tapa Zarautzera. "Saiatzen gara urtean zehar hainbat ekintza egiten Aste Nagusiko lanez gain", azaldu dute Kaskagorri konpartsako kideek. Eta ibilaldi hau da urteko hitzorduetako bat.

Gaua Putzuzulo gaztetxean igaro dute, eta goizean Donostira joan dira ia denak. Lau lagun gelditu dira Gaztetxean, gainerakoentzat janaria prestatzen. "Gaur oilasko eta entsalada bokatak ari gara prestatzen bazkaltzeko. Afaria Antiguoko elkarte batean emango digutela esan digute".

Atzo 19:00ak aldera iritsi ziren herrira, Getariatik Zarautzera kostaldeko bidea eginda. Malekoitik barna, erdigunera egin zuten gero. "Iritsi eta gutxira hasi zuen euria, baina bitartean eguraldi ona izan genuen. Batzuk eguzkiarekin erre ere egin ziren", kontatu dute.

Gustura daude Putzuzulokoek egindako harrerarekin, eta gaur goizean beste hamarren bat lagun batu zaizkie konpartsakoei, bidea egiteko.