EGIren gutuna, gaurko Aberri Eguna dela eta

Zarauzko Hitza 2018ko api. 1a, 08:00

"(...) aukera horiek guztiak aprobetxatuz, eta datozen hilabeteetan zehar zarauztar gazteen bihotzetan sugarra pizten lan eginez, gai izango ginateke datorren urtean Zarautzen Aberri Egun bateratu bat ospatzeko?(...)"

Hau da gutuna, osorik:

IRAGANARI SO, ETORKIZUNARI TINKO

"Gauzak asko aldatu dira 1932. urtetik… Alabaina, dagoeneko 86 urte igaro arren, orduan bezala, gaurkoan ere, Pazko Igandean, Aberri Eguna ospatzen dugu, Euskal Aberriaren ospakizun nazionala.

Hastapenak aztertuz, historiak erakutsi digu Arana Goiri’tar Sabino abertzale bilakatu izanaren 50. urteurrena ospatzea zela 1932. urteko martxoaren 27ko helburua; eta, ildo horretan, ordura arte inoiz lortu ez zen ekimena eraman zen aurrera: 60.000 pertsona baino gehiago elkartu zituen euskal abertzaletasunak Bilbon. Abertzale guztiek batera ospatu zuten egun hura, imajinatu dezakegu horrelakorik gaur egun?

Lehen Aberri Eguneko arrakasta ikusita, urtero ospatzea erabaki zen, eta urtez urte Euskadiko hiriburu ezberdinetan ospatu zen euskotar guztion egun nazionala, guztiak elkarrekin.

Garai gogorrak etorri ziren ondoren, Guda Zibiletik Trantsiziora arte modu irregularrean ospatu behar izan baitziren Aberri Egunak, ia gehienak Iparraldean, askatasun eta eskubideen aldarrikapen bezala, gaur egun oraindik lortu ez ditugun eskubide horien borrokan.

Saldu izan diguten Trantsizio garaitik hona, ostera, konformismoan erori garelakoan edo, Aberri Egunaren garrantzia galtzen joan da, ekintza jendetsuak eta lehen izaten zuen jai giroa galduz eta euskotar gazteok gure aberriari zor diogun garrantziari eta errespetuari muzin eginez.

Estatu izaera duten munduko herrialdeei erreparatuko bagenie, autobaieztapenerako eta nazio harrotasunerako egun bat badute guztiek. Horrela, bada, guk ere askatasunean sinesten badugu, eta etorkizunean eskubide guztiak dituen beste herrialde bat izan nahi badugu, Aberri Eguna aldarrikatu, babestu eta bultzatu behar dugu; berebizikoa da.

Egun horrek ez luke elkarren arteko ezberdintasunak agerian jartzeko unea izan behar, ez luke elkarri mokoka jarduteko liparra izan behar, euskotar oro batu eta erkidetuko dituen eguna izan beharko bailuke Aberri Egunak; batasunean eta jai giroan ospatu beharreko eguna da, borrokan jarraitzeko eguna, zer garen eta zer izan nahi dugun aldarrikatzeko eguna, Euskadiren nazio harrotasuna suspertzeko eguna…

Hortaz, penaz eta tristuraz hartzen ditugu egungo Aberri Egunak. Euskotar gazte askok ez dakite Aberri Eguna noiz ospatzen den; eta, beharbada, Aberri Eguna zer den ere ez dakite batzuek. Eta, zati batean bederen, horren errua gurea ere bada; zer egiten dugu abertzaleok hori aldatzeko?

Bidea ez da erraza izango; bidea malkartsua eta traketsa izango da; aurrean bi estatu inperialista eta autoritario izango ditugu, baina bakoitzak bere bidetik joan arren norabide berean joanez gero, lortuko genuke.

Akaso inozoak izango gara, baina amets bat daukagu buruan. Zarautz herri abertzalea da, eta sinesten dugu euskal aberrian. Gainera, egun hauetan zehar gure herria jendez gainezka dago. Beraz, aukera horiek guztiak aprobetxatuz, eta datozen hilabeteetan zehar zarauztar gazteen bihotzetan sugarra pizten lan eginez, gai izango ginateke datorren urtean Zarautzen Aberri Egun bateratu bat ospatzeko?

Zarauztarrok haizea, eta haizeak indarra…"


Zarauzko EGI – Euzko Gaztedi Indarra