Julian Alaphilippek irabazi du Itzuliko lehen etapa

Zarauzko Hitza 2018ko api. 2a, 18:57
Alaphilippe helmuga igaro ostean, garaipena ospatzen (Itzulia Basque Country)

Esprintean Primoz Roglic (Team Lotto) garaituta, Alaphilippe (Quick-step) izan da irabazle Itzulia Basque Countryko lehen etapan. Zarautzen hasi eta bertan amaitu da 162,1 kilometroko lehen froga hau.

Eguerdiko 13:30ak aldera abiatu dira txirrindulariak malekoitik, eta lau ordu beranduago, Alaphilippe frantziarrak eskuratu du lidertza, azken esprintean Primoz Roglicekin lehia estua izan ostean.

Bigarren taldean hamabi txirrindulari iritsi dira Pello Bilbao (Astana Pro Team) buru zutela. Liderragandik 33 segundura daude talde honetakoak sailkapen nagusian, euren artean, Mikel Landa, Nairo Quintana (Movistar), Gorka Izagirre, Enric Mas, Rigoberto Uran, eta Romain Bardet. 

Gaurkoak hasiera eman dio apirilaren 7a arte jokatuko den txirrindularitza frogari, eta biharkoan ere, Zarautz Itzuliko protagonistetako bat izango da, bigarren etapa bertatik abiatuko baita, eta Bermeon amaitu.