Nagusilanek, eskua bete lan

Onintza Lete Arrieta 2018ko api. 20a, 08:00
Isaac Ostolaza eta Juan LarraƱaga. (Onintza Lete Arrieta)

Isaac Ostolaza eta Juan Larrañaga herriko adinekoei laguntzen aritzen dira urte osoan zehar. 35 lagunek osatzen dute Zarauzko Nagusilan, eta elkartearen lana zein den azaldu dute.

Agintzetik laguntzera igaro dira Isaac Ostolaza eta Juan Larrañaga. Enpresaria eta Getariako alkate izandakoa lehena, eta Aurrezki Kutxako Zarauzko zuzendaria bigarrena, gaur egun oso bestelako zereginetan aritzen dira. Izan ere, urtean hainbat orduz adineko herritarrei laguntzen jarduten dute; haiek paseatzera ateraz, ibilaldietara eramanez eta medikuarenera lagunduz, besteak beste. Lan horiek eta beste hainbat egiten baititu Nagusilan elkarteak Zarautzen. Hamarkada bat baino gehiagoko esperientzia dute Ostolaza eta Larrañaga getariarrek, eta elkarteaz eta beren bizipenez hitz egiteko tarte bat hartu dute.
Esaterako, Ostolaza emozionatu egin da bere lehen esperientzia kontatzean. Santa Ana adinekoen egoitzara joan zen elkarteko beste kideekin batera hango egoiliar bat paseatzera ateratzeko, eta ez du inoiz ahaztuko pasartea: «Oikiako emakume bat egokitu zitzaidan. Egin genuen buelta, eta itzuli ginenean, begiratu zidan eta zenbat dezu? galdetu zidan. Ez dut inoiz ahaztuko».

Bitxikeria umoretsu batez gogoratu da, berriz, Larrañaga. Hura ere lehen aldiz joan zen pertsona bat paseatzera eramatera. Malekoian zeudela, gurpildun aulkian zegoen emakumeak esan zion pixalarri zela, eta korrika batean abiatu zen komun bila. Turismo bulegora heldu zen, eta han eskatu zuen laguntza, baina haiek erantzun toki nahikorik ez zutela eta adinekoen egoitzara joan beharko zuela. «Ziztu bizian eraman nuen, korrika batean. Iritsi, eta esan ez zidaten bada, lasai egoteko, pixoihala jarrita ateratzen direla paseatzera». Barrezka hasi dira biak.


‘Engantxatuta’

Era guztietako pasadizoak bizi izan dituzte, baina beraiek gauza onak azpimarratzen dituzte. «Honek engantxatu egiten du», azpimarratu dute biek. «Pixkanaka hasten zara, eta gero eta barrurago sartzen zara, gero eta gehiago. Ez dakigu zergatik, baina hala da». Gainera, bueltan jasotzen duten esker ona sekulakoa dela esan dute. «Kalean ibili eta egoitzara itzultzen garenean, egoiliarrak eskaintzen dizun begiradak dena esaten du, eta ez dauka preziorik».
 
Zarautzen elkarteak hainbat ekintza egiten ditu urte osoan zehar; horien artean, adinekoak paseatu. Santa Ana egoitzarekin, eguneko zentroarekin eta udalarekin elkarlanean aritzen dira. Eta koordinazio hori azpimarratu dute Ostolazak eta Larrañagak. «Martxoan hasten gara adinekoak egoitzetatik ateratzen paseatzeko, eta egoitzetako arduradunek esaten digute zein egoiliar eraman, haiek baitakite zeinek duen behar gehien».

Bestalde, noizean behin udalak edo egoitzak eskatzen die adinekoren bati laguntzeko medikuarengana, eta boluntario lan hori ere egiten dute. Maiatzean, esaterako, pertsona batek behar du laguntza, eta elkarteko bi kide prestatu dira horretarako. «Trena hartu, Donostiara joan eta han autobusa hartu, ospitalera iritsi, medikuarekin egon eta hark esandakoa entzun, eta herrira itzuli. Ordu dezente izan daitezke, baina elkartean beti prest egoten da jendea».


Aitzindaria, gizon bat

Adinekoekin hainbat ekintza egiten dituzte, baina beste ardura bat ere badute: janari bankua kudeatzea. Hiruhilero jasotzen dute jana, beharra duten herritarren artean banatzeko. Aia, Orio, Zarautz, Getaria eta Aizarnazabalgo herritarrei ematen diete, udalekin koordinatuta.

Aste Santuaren aurretik, esaterako, 18.000 kilo jaso zituzten, eta aurten lokal berrian egin ahal izan dute banaketa, udalak 60 metro koadroko tokia prestatu baitie horretarako (Bake Epaitegiaren inguruan dago lokala). «Urtean lau aldiz hiruzpalau egunez arduratzen gara horretaz. Zailena jana kamioietatik deskargatzea izaten da, zaharrak garelako», azaldu dute umoretsu. Nolanahi ere, beti joaten zaie norbait gazteagoa laguntzera, eta ez dute arazorik izaten.

Ardura hori Nagusilanek nolatan duen galdetuta, Iñaki Urretabizkaiaren izena agertu da. Izan ere, hark sortu zuen Zarauzko elkartea, eta hogei urtez bera izan zen lehendakaria eta taldearen arima. «Dena berak egiten zuen», azaldu dute Ostolazak eta Larrañagak. «Omenaldi ederra egin genion, eta orain urte eta erdi inguru uztea erabaki zuen eta testigua pasatzea guri».

Zarauzko 35 taldekideen artean dagoen giro ona azpimarratu dute, eta jakinarazi dute hiruzpalau kide berriren bila dabiltzala.