Eskola inklusiboaren aldeko sinadurak bilduko dituzte larunbatean

Zarauzko Hitza 2018ko api. 20a, 10:56

Sare publikoaren eta pribatuaren arteko "desorekak" gainditzeko, lege proposamen bat aurkeztu nahi du Legegintzako Herri Ekimenak.

Euskal hezkuntza sisteman kohesioa eta berdintasuna hobetzeko herri ekimen legegilea jarri dute abian EAEn, eta, hori horrela, LHE Legegintzako Herri Ekimenak sinadurak bilduko ditu bihar (apirilak 21, larunbata), 11:30etik aurrera, Lege Zaharren enparantzan; Legebiltzarrean lege proposamen bat aurkezteko gutxienez 10.000 sinadura behar dira.

EAEn hezkuntza sistema publikoa eta pribatua dago, et sa, gutxi gorabehera, unibertsitatekoak ez diren ikasleen erdia sistema bakoitzaren barruan dagoela jakitera eman du LHEk. Kopuru aldetik oreka ematen den arren, "egoera hori ez da hain orekatua ikuspuntu sozioekonomikoari dagokionez". Jakitera eman dutenez, sare pribatuan batez besteko kuotak 1.315 eurokoak dira, eta publikoan, aldiz, 400 eurokoa; pribatuan etorkinen %32 dago, eta publikoan %68; pribatuko ikasleak maila sozioekonomiko handiagoa dute publikoan baino.

"Desoreka hauek gainditze aldera", lege proposamen bat aurkeztu nahi du LHEk, guraso elkarteek eta hezkuntzako sindikatuek babestuta. Horretarako sinadurak biltzeari ekin diote.