Paco Urkia Hondartzako 74. Futbol Txapelketa

Urtemugaren atarikoa

Onintza Lete Arrieta 2018ko api. 26a, 08:00
Mikel Etxanizek eta Joxean Urbietak kontu asko dute esateko; izan ere, umetan hasi ziren jokatzen hondartzan, eta egun epaile eta antolaketa lanetan jarraitzen dute. (O. Lete Arrieta)

Igandean jokatuko dituzte finalak Paco Urkia 74. Hondartzako Futbol Txapelketan. Umetatik txapelketaren bueltan dabiltzanetako bi dira Mikel Etxaniz eta Joxean Urbieta.

 Futbolagatik, berdin litzateke igande goizean euria egingo balu ere. Ohituta daude hotzarekin, euripean nahiz elurretan jokatzera. «Baina igandekoa festa bat da», eta, horregatik, ateri egitea gustatuko litzaieke hondartza futbolaren antolatzaileei. Bai, behintzat, Mikel Etxaniz eta Joxean Urbieta zarauztarrei.

Bizitza osoa daramate hondartzako futbolari lotuta. Umetan hasi ziren jokatzen, eta azken urte mordoa epaile eta antolaketa lanetan dabiltza. Etxanizek azaldu du 35 urtez ari dela epaile lanak egiten. «Aurten hartu nahi nuen erretiroa, baina Joxeanek esan zidan itxoiteko, datorren urtea egingo dugula 75. urteurrena delako, eta hementxe gaude».

Aurreko urteetan bezala, zazpi hilabetez aritu dira hondartza futboleko partidetan epaile lanak egiten. Senior mailako gizonezkoekin aritzen dira, eta baita seniorren txapelketa antolatzen ere. 15 partida izan dira guztira, eta bi astetik behin egokitzen zaie normalean partidak zuzentzea.  Igande honetan amaituko dituzte lanak, finalen tartea iritsi baita.

Gero, abuztuan ekingo diote denboraldi berria prestatzeari. Berezia izango da, 75. urtea beteko baitu hondartzako txapelketak. «Festa handi bat egin nahi da datorren urtean, eta talde bat ari da hori prestatzen jada», jakinarazi du Urbietak.

Urtemugarik gabe ere, nahikoa lan izaten dute dena antolatzen. Dena den, umeen txapelketa egiteak «meritu handiagoa» duela uste dute Etxanizek eta Urbietak, talde gehiago direlako eskolarteko txapelketan. Seniorretan, berriz, aurten emakumezkoen txapelketa kolokan egon da, baina azkenean lortu dute aurrera ateratzea. Hasiera batean hiru taldek eman zuten izena, baina ibilian-ibilian, sei talde osatzea lortu zuten. «Hiru talde horietako neskek gogo handia zuten jokatzeko, eta beraiek mugitu dira eta beraiek lortu dute sei taldetara iristea», azaldu du Etxanizek.

Taldeak sortzeko ez ezik, epaile lanak egiteko ere zailtasunak dituzte neskek. Aurten, behintzat, emakumezkorik ez da animatu zeregin horietarako.  


Gazteak ate joka

Etxanizek eta Urbietak beste bi lagunekin osatu dute taldea, bai txapelketa antolatzeko, bai epaile gisa aritzeko: Antonio Menayo zumaiarra eta Albontza Grijalba Zarauzko bizilaguna. Toñi Mateos ere aipatu dute, baina argitu dutenez, «esperientzia txarra izan zuen mutilekin, eta nesken epaile aritzen da».

Adinean ere aurrera doazenez –Etxanizek, esaterako, 65 urte ditu–, ardurak belaunaldi gazteagoei pasatu nahi dizkiete. Eta atzetik jendea badatorrela esan dute. «Gazte batzuek entzun zuten gu erretiratzekoak ginela, eta etorri zitzaizkigun beren buruak eskainiz», azaldu dute. «Guk esan genien pixkanaka egingo dugula aldaketa, lagunduko diegula eta ez ditugula utziko bakarrik egun batetik bestera», zehaztu du Urbietak.

Erretiroa hartu aurretik, ordea, hurrengo urteko urtemugan parte hartu nahi dute epaile beteranoek.
Hainbeste urtean hondartza futbolari lotuta jarraitzearen arrazoiez galdetuta, Urbietak argi du zein izan den gakoa: «Lagunarteko giroa. Horrek mantendu nau ni honi lotuta, giro ona baitugu. Gure hamaiketakoak eta bazkariak egiten ditugu, lagunartea egin dugu».

Urbietarentzat, gainera, Zarauzko ikurretako bat da hondartzako futbola. Etxaniz ere ildo beretik mintzatu da: «Pena litzateke guk ez jarraitzeagatik hau bukatzea. Honek jarraitu egin behar du, bai ala bai».


Giro ona, lehengokoa

Tarteka atzera begiratzea normala da, horrenbeste urtez hondartza futbolari lotuta ibili denak. Asko aldatu da, gainera, txapelketa eta haren ingurua. Batetik, kanpotik etortzen ziren taldeak gutxituz joan dira urteen joan-etorrian. Aurten, esaterako, seniorretan talde guztiak zarauztarrak izan dira, getariarren talde bat izan ezik; emakumezkoetan zein gizonezkoetan talde bana etorri da ondoko herritik. Gizonezkoetan, gainera, getariarrak beraiek izan dira Liga erregularreko txapeldunak. Finalera ez dira iritsi, finalaurrekoa galdu baitzuten.

Orain urte batzuk, ordea, bestelakoa zen taldeen jatorria. «Duela 10-15 urte etortzen ziren Oriotik bizpahiru talde, Getariatik beste bat, Zumaiatik beste pare bat, Azpeititik hiru, Aiatik, Usurbildik eta Aginagatik ere bai....». Gogoan dute Donostiako taldeak ere bazirela garai batean. Hala esan du Etxanizek: «Partida politak izaten ziren gure gazte denborakoak, oso talde gogorrak bazeudelako zarauztarren, getariarren eta donostiarren artean».

Bestetik, partidez eta taldeez gain, garai bateko giroa nabarmendu dute bi epaileek. «Atsedenaldietan talde bakoitzak txakolina edo bestelako edariak ateratzen zituen, eta trago bat hartzen zen. Orain ura eta halakoak edukitzen dituzte». Urbietak gogoan ditu aitaren partidak. «Zortzi bat urte genituela etortzen ginen aita lagunekin jokatzen ikustera. Sidras Zapiain taldean jokatzen zuen, eta sagardotegikoak han etortzen ziren furgonetarekin, eta partida amaieran sagardo kaxak ateratzen zituzten». Irabazten zenean, zalaparta ere handitu egiten zela oroitu du.

Hori bai, epaileen lana orain errazagoa dela uste dute. «Ateetan sareak jartzea abantaila handia izan zen, batzuetan horrela jakiten dugulako gola sartu duten ala ez». Etxaniz eta Urbieta betaurrekoen beharrik gabe moldatzen dira partidak zuzentzeko, baina Urbietak aitortu du aktak idazteko ia denek behar dituztela lenteak.

Biak jokalariak izanak direnez, protestak patxadaz hartzen dituztela esan dute. «Normala da kexatzea epaileari, geuk ere egiten genuen. Modua da garrantzitsua, eta niri, behintzat, asko kostatzen zait txartela ateratzea protestatzeagatik», esan du Etxanizek.

Txapelketari dagokionez, horrek izena aldatu du aurten. Iaz hil zen Paco Urkia futbol klubeko presidente ohia oroitzea izan da helburua. «Bizitza osoa pasatu zuen lanean futbol klubean, eta horregatik jarri zaio bere izena», gogoratu du Urbietak. Etxanizek, berriz, oroitu du partida batean Urkia izan zutela epaile bera umea zela. «11 urte izango nituen, eta ondo gogoan dut getariarren aurka jokatu genuela eta sekulako hotza egin zuela. Orduan jada erabiltzen genituen ate beltz hauek», esan du, seniorrek erabiltzen dituzten ateak seinalatuz.

 
Eskaera argia egin dute

Hain zuzen, ateena aipatzean gogoratu da badutela eskaera zehatz bat. Etxanizek serio-serio esan du badela ordua ate berriak erosteko. «75. urtemugaren harira, ederra litzateke umeenak bezalako ateak ekartzea, hauek 50 urte baino gehiago baitituzte». Urbieta ere iritzi berekoa da: «Inoiz ez da ezbeharrik gertatu, baina haizeak bota izan ditu, eta arriskua hor dago». Eskolartekoenak arinagoak eta sendoagoak direla azpimarratu dute.

Iban San Martin Kirol zinegotzia ere aipatu du Etxanizek. «Plaieroetan aritzen da, eta atezaina da, gainera. Eta, aurrekoan hala esan nion: ‘Nahiko nikek atea gainera erori eta koskorreko on bat hartuko bahu, konturatzeko nola dauden ateak!’».