EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du kultur mahai bat eratzea, Santa Klararen etorkizuna zehazteko

Zarauzko Hitza 2018ko api. 26a, 15:14
EH Bilduko kide Mikel Goenaga eta Ane Arruti , Santa Klara komentua atzean dutela (Aritz Mutiozabal).

Komentuaren inguruko prozesu parte hartzailean ateratako ondorioak txosten batean jaso ditu koalizioak, eta udalean erregistratuko du.

"Santa Klarak herriarena izan behar du eta herritarrek erabaki behar dute bertan zer egin, zertarako eta nola kudeatu". EH Bilduk komentuaren inguruko prozesu parte hartzailea bukatutzat jo du, eta ateratako ondoriorik garbiena hori izan dela nabarmendu dute, baita kultura eta aisialdia uztartuko dituen gune bat sortzeko nahia ere. Hori ikusita, eta bileretan ere "kezka" azaldu dietelako, koalizioak uste du herritarrek eta herriko eragileek erabakitzeko ahalmena izan beharko luketela etorkizuneko kulturgune horren kudeaketa eredua definitzeko garaian, eta horretarako beharrezkotzat jotzen du kultur mahai bat eratzea.

EH Bilduk begi onez  jaso du Udal Gobernuak Santa Klara erosteko borondatearen berria, baina kezka batzuk ere baditu. Izan ere, "ezin da parte hartze prozesu bat abiarazi erabakiak aurrez hartuta baldin badaude. Gainera, ezin da arkitekto lehiaketa bat abiatu herritarrei aurrez galdetu gabe zertarako nahi dituen eta nola egingo den". Hala, Udal Gobernuari eskatu diote kultur mahaia eratu dezala, eta bertan hartu beharreko erabaki guztiak "adostasun zabal batekin" izan daitezela.

Santa Klara herriarena izateak "sekulako iraultza" suposatuko duela iritzi dio koalizioak, eta "herriak bere sentitu eta arrakasta izan nahi badu, inplikazio zuzena izan behar dute herritarrek eta eragileek". Gaineratu dute elkarlanean jarraituko dutela herritarrekin eta gizarte zein kultura eragileekin nahiz politikoekin, "guztion artean Santa Klaran ilusioa piztuko duen proiektu bat sor dezagun".

 
Txostena erregistratuko dute

EH Bilduk bi fasetan egin du parte hartze prozesua; lehenengoan eragileekin elkartu zen, eta bigarrenean lau auzotan egin zituen bilera irekiak. Horietan jasotako ondorio guztiekin txosten bat landu dute, eta behin prozesuan parte hartu dutenekin gainbegiratu ondoren, udalean erregistratuko dute.

Prozesuan jasotakoaren arabera, "Santa Klarak espazio anitz bat izan beharko luke, parte hartzailea eta erabilpen ezberdinak bateratuko dituena. Horrez gain, sortzaileak barne hartuko dituen eraikina izan beharko luke. Kultura erakusleiho izateaz gain, kultura inkubagailu izan beharko luke". Herriko zerbitzuen eta ekipamenduen berrantolaketa baten beharra ere jaso dute, komentua horretarako egokia izan litekeela iritziz, "nahiz eta derrigorrean ez litzateken dena Santa Klaran kokatu beharko".

Kokapen aldetik "herriaren bihotzean" aurkitzen bada ere, trenbideak nabarmen baldintzatzen duela, eta horri irtenbide bat eman behar zaiola esan diete batez ere mugikortasun urriko eta adineko herritarrek. Horren aurrean, "trenbide sarea lurperatzeak edo trenbidearen ibilbidearen aldaketak herriaren kohesioa asko hobetuko" lukeela uste dute.

Eraikinak bere inguruan lursail eta berdegune zabalak dituenez, "herriko arnasgune inportantea" izango litzatekeela dio EH Bilduk. "Guztiok bultzatu beharrekoa izan beharko luke".