Datorren astean hasiko dira Aldapetako urbanizazio lanak

Zarauzko Hitza 2018ko api. 27a, 16:06
2016an Santa Anarekin hitzarmena sinatu zuen udalak. (Zarauzko Udala)

Espazio horretan eraikiko dira 30 etxebizitza tasatu eta 20 BOE. Baita Vista Alegreko igogailua eta Santa Ana Fundazioarentzat eta udalarentzat izango diren lokalak ere.

Xabier Txurruka alkateak jakinarazi duenez, Aldapetako urbanizazio eta eraikitze lanak datorren astean hasiko dira. Visesak Altuna y Uriari eta Sacyr Construcción enpresek osatutako ABEEri (aldi baterako enpresa elkartea) esleitu zion proiektua, 6.768.591 euroko aurrekontuarekin (BEZ gabe), obrak 2020ko ekainerako amaitzeko.

Vista Alegreko irisgarritasuna hobetzeko bi igogailu eraikiko dira, bata San Inazio kaletik Aldapetako urbanizaziora eta bigarrena, Sarakatua dorreraino iritsiko dena, pasarela bat igarota. Alkateak igogailuaren obrak ahalik eta azkarren hasteko presa azpimarratu du. "Visesari, ahal den neurrian, igogailuen obren hasiera aurreratzeko eskatu genion. Modu horretan, 2019ko udarako martxan egongo dira".

Etxebizitza tasatuei dagokienez, iazko maiatzean zozkatu eta esleitu ziren. 20 BOEetatik bi udalak ostatu emateko erabiliko dit, eta beste 18ak alokairura eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren beharretarako bideratuko ditu. Egun, udalak 15 etxe ditu jabetzan Aritzbatalden.

Bestalde, urbanizazio berriaren behealdeko bi lokal emango dizkio jabetzan udalak Santa Ana Fundazioari, proiektua aurrera ateratzeko fundazioari erositako lur zatiaren ordainetan.

Erlazionatuak

Aldapeta: datu orokorrak

Zarauzko Hitza 2017 urt 10 Zarautz

Irudietan: Aldapetako proiektua

Zarauzko Hitza 2017 urt 10 Zarautz