Hamar harrijasotzaile saiatuko dira marka berria jartzen Bi Harri Txapelketan

Amaia Urbieta Arruti 2018ko api. 28a, 14:30
Ezkerretik hasita, Esteban Collantes, Joxe Ramon Iruretagoiena, Jesus Arana eta Juan Mari Iraola (Onintza Lete Arrieta)

Maiatzaren 1ean hirugarren aldiz jokatuko dute harri baldarren txapelketa. Aritzbatalde pilotalekuan da hitzordua, 18:00etan, eta orain arteko irabazlea, Izeta II.a, entrenatzaile lanetan ariko da aurtengoan.

Hirugaren aldiz jokatuko dute Zarauzko Bi Harri Txapelketa. Astearte arratsaldean dute hitzordua, Aritzbatalde kiroldegian, 18:00etan. Leihatila ordubete lehenago irekiko dute, eta sarrerak 10 euroko prezioa izango du. Zarauzko Kirol Elkarteko bazkideentzat, erdi prezioan izango dira.

Bi harri baldar izango dira txapelketako protagonistak. Bietako bat, Jai Txiki iturritik hartutako 117 kiloko harri koadroa izango da, eta bestea, Mollarriko aintzinako zamatokiko 121 kiloko harri oboidea. Harriok jasotzen, hamar harrijasotzaile jardungo dira: Sergio Mielgo, Guzta, Kortaberri, Beñat Telleria, Gorka Etxeberria, Aimar Galagarraga, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Xabier Peñagarikano Peña, Mikel Lopetegi Urra eta Agustin Iruretagoiena Izeta I.a dira. Azken laurak, ZKEren eskolakoak. Hau da, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.aren eskolakoak dira.

Hamar horien artean, gaur egungo bi onentsuenak faltako dira: Aimar Irigoien eta Jokin Eizmendi. Aurrenekoa, lesio bat gainditu berri duelako eta, bigarrena, beste konpromiso bat duelako. Izeta II.ak azaldu duenez, Irigoienek «hitz eman du» datorren urtean bertan izango dela.


Izeta II.aren rol aldaketa


Aurtengoan, Izeta II.a harrijasotzailea lehiakide izatetik entrenatzaile izatera igaroko da, jada erretiratuta baitago. Txapelketaren ezaugarriak berak azaldu ditu, prentsaurrean: 7 minutu izango ditu lehiakide bakoitzak ahalik altxaldi gehien egiteko. Norberak nahi duen harria jasoko du aurrena, eta gero, txandakatuz jarraitu beharko du lanean. Altxaldi gehien egiten dituena izango da irabazlea, eta berdinketarik izanez gero, pisu gutxien daukan harrijasotzailearentzat izango da garaipena.

Iruretagoienak azaldu duenez, "ez dira harri zailak", altxaldi gutxien ematen dizkionak ere 15 aldiz jaso izan baititu. Orain arteko marka 25 altxalditan dago, Izeta II.ak berak aurreko bi urteetako txapelketetan eginiko marka da. Iruretagoienak berak adierazi du "polita" litzatekeela marka hori haustea, bai berarentzat, bai ikusleentzat.

Esteban Collantes Zarautz Kirol Elkarteko lehendakariak azpimarratu du Zarautz dela Kirol Elkartearen barruan herri kirolen saila daukan herri bakarra. Udalaren laguntzarekin "oso gustura" daudela ere azaldu du, eta herritarrak animatu ditu asteartean Aritzbatalde kiroldegira hurbiltzera. Orain arte txapelketa Aste Santuko larunbatean jokatzen bazen ere, Collantesek positibotzat jo du data aldaketa. "Uste dut txapelketa maiatzaren 1ean egiteak ikuskizuna hobetuko duela".

Jesus Arana zinegotziarentzat, berriz, Bi Harri Txapelketak harrijasotzeari laguntzen dio "merezi duen ikusgarritasuna lortzen", eta herri kirolen sailak egiten duen "lan bikaina" goraipatu du.