Joseba Jauregi: «Ardura handia da, hari mutur asko lotu behar baitituzu»

Aritz Mutiozabal 2018ko mai. 3a, 08:00
Joseba Jauregi (Aritz Mutiozabal)

Igandean egingo dute Zarauzko VI. Iraupeneko Ibilaldia, eta gaur da izena emateko azken eguna. Antolatzaile gisa ariko den azkenekoa du Pagoeta elkarteko kide Joseba Jauregik.

Zarauzko bizilagun Joseba Jauregik (Larraul, 1948) 30 urte inguru daramatza Pagoeta Mendizale Elkartearen barruan. «Egun batean Pagoeta elkartera azaldu nintzen, eta berehala engantxatu ninduten», dio barrezka. Hasiera-hasieratik aritu da Zarauzko Iraupeneko Ibilaldia antolatzen, eta igande honetan seigarren aldiz egingo dute.

Nolatan hartu zenuen Iraupeneko Ibilaldiaren ardura?
2008an, Pagoeta Mendizale Elkartearen 50. urteurrena zela eta, ekintza pila bat antolatu ziren. Garai hartan, nahiko modan zeuden iraupeneko ibilaldiak, eta ni neu martxatan asko ibilitakoa nintzenez, halako ibilaldi bat antolatuko ote nuen proposatu zidaten. Erronkari aurre egin eta antolatu egin genuen, oso erantzun onarekin; izan ere, mila lagunek baino gehiagok hartu zuen parte.
Erronka potoloa, baina asebetetzeko modukoa, ezta?
Hala da, bai. Hasieran, 2008an bakarrik egitea zen asmoa, baina eduki zuen erantzuna ikusita, aurrera jarraitzea erabaki genuen. Jendeari asko gustatu zitzaion ibilbide bat prestatu genuen, baina ibilbidea aldatzeko aukerarik ematen ez duenez, bi urtetik behin antolatzea pentsatu genuen. Eta, aurtengoa seigarrena izango da.

Antolatzaile lanetan ariko zaren azkena izango da, gainera.
Hori garbi daukat! Adinak ez du barkatzen, eta, gainera, erreleboak ere etorri behar du. Bestela, zer egin behar dugu guk, 70 urterekin eta jarraitu?

Eta lekukoa hartuko duenik ba al dago?
Erreleboarena mendi elkarteetako eta beste edozein elkarteetako arazoa da. Gazteagoek ez dute ardurarik hartu nahi, alegia. Hori ez da gertatzen Iraupeneko Ibilaldia antolatzeko bakarrik, elkarteetan ere batzordeak sortzeko eta ohiko jarduerak aurrera eramateko arazoak baitaude. Nik ezagutzen ditut Andoaingo eta Villabonako elkarteak, 1984an hasi bainintzen mendizale gisa federatuta ibiltzen, eta orduan zebilen jendea dabil oraindik ere lanean. Arazo bat dago hor.

Iraupeneko Ibilaldia antolatzeko taldetxo bat osatzen dugu, eta azken egunera arte bospasei lagun aritzen gara buru-belarri. Gero, larunbatean eta igandean 80-100 pertsona mugituko dira lanera, bidea markatzen eta anoa postuetan. Baina elkarte bateko batzordean bi urterako sartzea ez da horren erraza, eta Iraupeneko Ibilaldiarekin ez dakit zer gertatuko den. Ardura handia da, eta hari mutur asko lotu nahiz koordinatu behar dira.

Orain arte egindako lanak jarraipena izango duen itxaropenik ba al duzu?
Nik ez dut baietzik ala ezetzik esango! Urtearen amaieran Pagoeta Mendizale Elkartearen batzordea aldatuko da, eta ikusiko dugu batzorde berriak zer bide hartzen duen. Horren araberakoa izango dela uste dut.

Gaur egun, gainera, ibilian baino gehiago korrika dabiltza mendian, eta Pagoetak argi dauka mendia oinez ibiltzeko dela eta ez korrika. Asko aldatzen ari da gauza: edozein igandetan bizpahiru mendi lasterketa daude, eta toki horietan jende pila bat elkartzen da. Badirudi, gainera, federatuen fitxak goraka doazela, mendi lasterketetan federatuta egotea eskatzen dutelako.

Argi eta garbi utzi behar da, beraz, iraupeneko ibilaldiak oinez egiteko probak direla.
Bai, ez da korrika egiteko! Mendian ibiltzea eta bazterrak ezagutzea da helburua. Lehen, zehaztutako abiadura azkarrena batez beste 6 kilometro orduko zen, eta hori ez duzu oinez egiten 45 kilometroko ibilbide batean. Duela bi urte batez besteko hori gehiegi zela eta, gehienez ere 5 kilometro ordukora jaitsi zen. Mendian ibili eta parajeez gozatzea dute xede ibilaldiek, baina egun jendea ezer gabe agertzen da, elastiko hutsean eta gerriko poltsa edo kantinplora txiki batekin. Hori ez da mendian ibiltzea.

Halakorik izaten al da Zarauzko Iraupeneko Ibilaldian?
Bai, izaten dira, eta oraingo honetan ere etorriko dira. Kontrolguneetan gutxieneko eta gehieneko denborak daude zehaztuta, eta gutxieneko denboraren azpitik iristen badira ez zaie zigilatzen agiria. Itxaron egin behar dute horretarako, eta halakoetan jendea haserretu egiten da. Baina jakin badakite araudia zein den. Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta halako probak daudenez, batzuek entrenatzeko erabiltzen dute. Edonola ere, gehiengoa mendian ibiltzera etortzen da, eta korrika dabiltzanak gutxiengo bat dira.

Hiru ibilbide daude aukeran. Hasieratik antolatzen al dituzue hirurak?
Hasieran luzea (45 kilometro) eta txikia (27,3 kilometro) antolatu genituen, beste toki batzuetan erantzun ona jaso zutela kontuan hartuta. Duela lau urte Tipi-Ttapa ibilaldiarekin (11,4 kilometro) hasi ginen, umeak mendira bideratzeagatik. Familian, festa giroan, egiteko modukoa da hori.

Gero eta gutxiago falta da iganderako. Zer espero duzu?
Orain arte geldi samar egon da izen-ematea, baina 400 lagunetara gerturatu da. Guk 750 lagunetan jarri dugu muga, baina 500era iritsiko bagina, ongi legoke. Azken egunetan bikoiztu egin da izen-ematea. Gaur da izena emateko azken eguna (zirkuitua.com webgunean), eta ikusiko dugu. Eguraldi ona dago emanda iganderako, eta horrek animatuko du jendea.

Urduri al zaude antolatuko duzun azkena izango delako?
Alde horretatik, ez. Urduritasun bakarra da hor dauzkagun puntu horiek ongi uztartzea eta guztia aurrera eramatea. Antolakuntza bera eginda dago, orain azken egunetan egin beharrekoak falta zaizkigu. Taldea antolatu dugu ibilbidea balizatzeko, eta batzuek ostiral arratsaldean osatuko dute zati bat eta besteek larunbatean. Igande goizean, berriz, parte hartzaileen aurretik joango gara balizak gainbegiratzera. Horrez gain, anoa postuak ere prestatu beharko ditugu. Lan handia da aurretik egin beharrekoa, baina, gero, jendearen erantzunarekin, sekulako poza jasotzen duzu.