ETAren desegitea (erreakzioak)

Edur Epelde Pagola: "Garrantzitsua da datozen belaunaldi berriekin gertatu denaz hitz egiteko gai izatea, isiltasuna eta amorrua beraien oinordeko izan ez daitezen"

kudeatzailea 2018ko mai. 4a, 09:45
Edur Epelde Pagola (Hik Hasi).

ETAren desegitearen inguruan, Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Edur Epelde Pagolak eginiko balorazioa.

"Prozesuak, ibilbideak hasi eta bukatu egiten dira eta ETAk bere amaierara iristea erabaki du eta honek, Herri gisa, aukera eta bide berriak sortzen dizkigula uste dut. ETA desegiteak ez du esan nahi herri honetako gatazkak amaitu direnik. Egun oraindik gatazka eta sufrimendu egoera ugarik ezaugarritzen dute gure bizikidetza, gatazkek pluralean. Honen adibide dira, nazio-auziaz gain, indarkeria sexista eta emakume erailketak, urtero hiltzen diren langileak, Altsasuko gazteen epaiketa, gerretatik ihesi datozen errefuxiatuen egoera, presoen sakabanaketa, atzerritik datozenen prekarizazioa edota pobreziaren areagotzea.

Nire ustez, urgentea da sufrimendu egoerekin amaitzea, horregatik uste dut lehentasunezkoa dela Euskal Preso, iheslari eta deportatu politikoak herriratzea, egun sufrimendu asko dagoelako, bidaietan, barruko bizi baldintzetan eta abar. Horrekin batera, herri honetan bizi izan den minaren errekonozimendua egitea tokatzen da, bakoitzari berea, minari tokia egin behar diogu eta ondoren min hau osatze prozesuan jarri. Horretarako, elkar entzuteko txanda da, baita kontatzekoa ere, hau zaila izango dela aurreikusten dut. Niretzat garrantzitsua da datozen belaunaldi berriekin gertatu denaz hitz egiteko gai izatea, isiltasuna eta amorrua beraien oinordeko izan ez daitezen. Herritarren gogo gorputzetan dauden zauriak, gatazken eraginak identifikatu, partekatu eta aurre hartzea dagokigu. Inperialismoak, neoliberalismoak eta patriarkatuak sortzen dituen aztarnak ikusteko gai izan eta aldaketa prozesuak irekitzen segi, maila pertsonal, sozial nahiz politikoan. Orain arte bezala, lanean jarraitu behar dugu, herri eragileek bereziki, baita alderdi politikoek, sindikatuek, edota eskolek ere. Horretarako, bakoitzak beretik, egunez egun, aldaketa txiki handien bitartez, herritar libreak sortzen ari gara. Bizitzak erdigunera ekarriz, pixkanaka libreago eta zoriontsuago den herri bat izateko,"