ETAren desegitea (erreakzioak)

Gorka Landaburu: "Autokritika sakonago bat falta da urteetan pasatu diren gauza guztien inguruan"

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 4a, 13:23
Gorka Landaburu (Onintza Lete Arrieta).

ETAren desegitearen harira, Gorka Landaburu kazetariaren balorazioa.

"Lehenik eta behin, albiste garrantzitsua da ETA desegitea. Aspalditik itxaroten ari ginen albistea da, denbora gehiegi, baina iritsi da eta poztekoa da. Bigarrenik, tamalez, erakunde terroristaren bukaera iragarri duen komunikatu honetan ez dago gutxieneko autokritikarik. Ez dakit ETAk zer-nolako prestutasuna izango duen kontzeptu honetan, baina uste dut autokritika sakonago bat falta dela urteetan pasatu diren gauza guztien inguruan. Positiboa da bere amaieran iragarri duelako, baina negatiboa ez dituela biktimak aipatzen eta ezertarako balio izan ez duen indarkeriari buruzko autokritikarik ez duelako egiten.

Etorkizunari dagokionez, guztiok eman behar dugu geure hondar alea elkarbizitza egonkortu dadin Euskal Herrian, eta, batez ere, irekita dauden orbain guztiak sendatu behar ditugu. Orrialdea pasatuko dugu, baina orrialdea pasatu aurretik goitik behera irakurri behar dugu, azken hizkiraino, gai hau eta Euskal Herrian izan diren indarkeria guztiak lantzeko. Kontakizunaren garaian gaude orain, eta bakoitzak konta dezala kontatu beharrekoa, baina oraindik bide luzea dago oraindik irekita dauden zauri hauek guztiak orbaintzeko.

Jende askok egin behar du eskatzen dugun autokritika hori. Lehenik eta behin, ETAk eta baita ezker abertzaleak ere; izan ere, ezker abertzaleko sektore inportante bat lagun izan duelako eta txalotu egin duelako denbora luzez. Era berean, eskatu behar zaie instituzioei eta, bereziki, Espainiako Gobernuari eta Mariano Rajoyri presoen gerturatzearekin hasi daitezela. Hori garrantzitsua da guztiok behar dugun elkarbizitzari ekiteko."