ETAren desegitea (erreakzioak)

Gloria Vazquez: "ETArekin bukatu dugu, baina eragin zigun izuaren ondorioek oraindik jarraitzen dute"

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 4a, 18:29
Gloria Vazquez (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

ETAren amaierari buruz, Zarauzko PSE-EEko kide eta Jose Luis Lopez de Lacalle elkarte sozialistako idazkari nagusi Gloria Vazquezen balorazioa.

"ETAk bere desegitea iragarri duela eta, Zarauzko sozialistok gure maitasuna agertu nahi diegu terrorismoaren biktima guztiei. Gure oroitzapena eta elkartasuna haiekin daude, eta, bereziki, eraildako Zarauzko 16 bizilagunekin. ETArekin bukatu dugu, baina eragin zigun izuaren ondorioek oraindik jarraitzen dute. Asko dira, gehiegi, hil, zauritu, bahitu eta erbesteratutako gure herritarrak, lagunak eta familiakoak; ahaztu gabe estortsionatuak, mehatxatuak... Pozten gaitu ETAren desegiteak, baina ospakizunik gabeko eta tristura handiko poztasuna da.

Terrorismoa garaitu dugu ordainik gabe. ETA historiara pasatuko da 800 pertsona erail zituen talde terrorista bat bezala, bere ideiak inposatzeko 50 urtez biolentzia, sufrimendua eta txantaia egin ziona gizarte oso bati, eta, azkenean, dememokraziak menderatu duena. Mina besterik eragin ez duen biolentzia izan da. ETAk bere proiektu politikoekin bat egiten ez zituenak hil ditu, pentsatzeagatik hil du; eta hori ezin dugu inoiz ahaztu, gertatutakoa ezagutzea, oroitzea eta deslegitimizatzea baita berriz ez gertatzeko modurik onena.

Terrorismoa deslegitimizatzeko beharraz gain, zintzilik dugu biktimez arduratzea eta gazteak nahiz helduak balio demokratikoetan eta giza balioetan heztea. Ezin dugu ahaztu nazionalismo erradikalean kokatutako gizartearen zati batek ETArekin kolaboratu duela eta babes politikoa eman diola, eta sektore horrek duen gorrotoa desintoxikatu behar du eta erailtzea injustua izan zela eta ez zuela inoiz ere gertatu behar aitortu behar du.

Terrorismoaren biktimei eskertu behar diegu izan duten erabateko aldarte demokratikoa eta eskuzabaltasuna. Haiek erakusten digute etorkizun baketsu bat lotzeko jarraitu beharreko bidea. Memoria, egia eta justizia zor diegu".