'Emakumeak arlo teknikoko ikasketetan' mahai ingurua egingo dute ostegunean

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 7a, 12:45

Genero rolek ikasketetan duten eraginaz hausnartzeko antolatu du udaleko Parekidetasun Sailak. Saioa Antoniano aretoan izango da, 18:30ean, gaztelaniaz. Hizlariak Ana Belen Juaristi, Eugenia Iraola, Generosa Cerviño, Gema Marrero eta Goretti Galarraga izango dira.

Parekidetasun Sailak ohar bidez azaldu duenez, emakumeen presentzia oso baxua da hezkuntzako ziklo teknikoetan, "nahiz eta arlo horietan lana aurkitzeko aukerak handiak izan, emakumeentzat zein mutilentzat". Osteguneko mahai ingurua antolatu dute arazo horri buruz hausnartzeko eta neskei azaltzeko zein lan aukera dauden.

Genero ezberdintasunak unibertsitate mailan ematen dira, baina "are nabarmenagoak dira teknikoko zikloetan". Mutilek joera handiagoa dute arlo teknikoko ikasketak egiteko, eta neskek, berriz, gizarte eta osasun zientzietara jotzen dute. Horregatik, enpresek emakumeak kontratatu nahi izan arren, oso zaila egiten zaie, oso emakume gutxik aukeratzen dituztelako ikasketa teknikoak.

"Oraindik lanbide teknikoetan emakumeen parte hartzea oso baxua da, eta arrazoi bakarra aurreiritziak eta mendeetako ohitura matxistak dira", antolatzaileen esanetan.

Emakumeak arlo teknikoko ikasketetan izeneko mahai inguruan, arlo teknikoan lan egiten duten emakumeak ariko dira hizlari: Ana Belen Juaristi, Eugenia Iraola, Generosa Cerviño, Gema Marrero eta Goretti Larrañaga.

Saioa gaztelaniaz izango da, eta zalantzak argitzeko tartea egongo da.