Parte hartze prozesua abiatuko dute Emakumeen Etxea diseinatzeko

Aritz Mutiozabal 2018ko mai. 9a, 08:00
Emakumeen Etxearen parte hartze prozesua aurkeztu zuten atzo. (Aritz Mutiozabal)

Mahai inguru bat eta bi lan saio antolatu dituzte horretarako. Egungo Turismo Bulegoko lokalean kokatuko dute, eta udazken-negurako prest egotea aurreikusi dute.

Zarauzko Udalaren helburuetako bat da udalerrian emakumeen eta gizonen arteko parekidetasunaren alde lan egitea, eta horrekin batera, emakumeek jasaten duten diskriminazioari eta indarkeriari aurre egitea. Halaxe azaldu du Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek, eta konpromiso horrekin «ibilbide garrantzitsua» egin bada ere, «oraindik lan asko dago egiteko». Bide horretan, udalaren hurrengo erronka Emakumeen Etxea eraikitzea dela nabarmendu du Vazquezek: «Emakumeen Etxea emakumeen elkargune bat izatea nahi dugu, erreferente bat emakume guztiontzat».

Egun Zarauzko Turismo Bulegoa dagoen lokalean kokatuko dute; izan ere, udalak Mazako lokalera lekualdatuko du Turismo Bulegoa. Baina lokala hustu bitartean, parte hartze prozesua jarriko dute abian datozen asteetan, «Emakumeen Etxea eraikitzea emakume guztion ardura delako, emakume guztiona izango delako». Behin prozesua bukatuta, udazken-negu parterako prest egotea espero dute.

Abiapuntu bat badago, Parekidetasun Kontseiluak aurretik egina; Villa Mundan kokatzeko egin zen hasiera batean, baina Udal Gobernu aldaketarekin aipatu eraikina kultur zerbitzuetara bideratzea erabaki zuten. Orain, lanketa horretatik abiatuta egingo dute parte hartze prozesua. Bertan hartuko dute parte Parekidetasun Kontseiluko kideek, emakume taldeek eta udaleko teknikariek nahiz ordezkari politikoek. Era berean, emakumeen partaidetza bultzatu nahi du Parekidetasun Departamentuak, eta, zentzu horretan, deialdi berezia egin diete emakume gazteei. «Oso garrantzitsua da kolektibo bezala jardutea, komunean ditugun erronkei aurre egiteko», dio Vazquezek.


Mahai ingurua eta saioak

Hiru hitzordu finkatu dituzte parte hartze prozesurako. Alde batetik, mahai inguru ireki bat antolatu dute hilaren 15erako, 18:00etatik 20:00etara, Etxezabalan. Donostiako nahiz Azpeitiko emakume etxeen esperientzia ezagutzeko aukera izango da ekitaldian, eta bertaratzen direnek beren ekarpenak egin ahalko dituzte. Bestetik, bi lan saio egingo dituzte, edukietan sakontzen jarraitzeko: hilaren 22an eta 29an izango dira, 19:00­etatik 21:00etara, Etxezabalan.

Prometea aholkularitza enpresako kideak arduratuko dira prozesua aurrera eramaten. Emakume parte hartzaile horien «bidelagun» izango direla zehaztu du Prometeako kide Zorione Aierbek, «beraiekin lantzen eta adosten joateko Emakumeen Etxe horren oinarriak zeintzuk izan behar duten». Lau ardatz nagusi jorratuko dituzte: zer beharrei erantzun beharko lioken Emakumeen Etxeak; zer zerbitzu eskaini beharko lituzkeen; zer funtzionamendu eredu irudikatzen den gunerako; eta izango duen espazioa kontuan izanda, zer izango litzateken antolaketarik egokiena. «Gure lana da elkarrizketari indarra ematea, eta horretarako giro egoki bat sortzea».

Parekidetasun Kontseiluarekin batera jarriko dute abian prozesua. «Emakumeen Etxearen proiektua aurreko Udal Gobernuarekin hasi ginen lantzen. Ea orain bukaera ematen diogun eta Zarautzen errealitate egitea bihurtzen dugun», adierazi du Ana Sarasola Mujikak. «Zergatik nahi dugu Emakumeen Etxea Zarautzen? Espazio propio baten beharra daukagulako; esparru guztietan berdintasuna lortu nahi dugulako; edozein alorretan berdintasun eskubideak izateko; ahalduntzeko; gure gorputzak, esanak eta izanak ezabatuko ez diren gunea izateko; ge­nero indarkeria errotik ezabatzeko; hezteko gunea izateaz gain, garapen pertsonal eta kolektibo baterako espazio aproposa delako». Hori horrela, prozesuan aktiboki parte hartu dezaten eskatu diete herriko emakume guztiei.