Datorren astean eman beharko da izena udaleku irekietarako

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 11a, 12:43

Haur Hezkuntzako 5 urtetik hasi eta Lehen Hezkuntzako 5. mailara artekoentzat dira udalaren udaleku irekiak. Uztailaren 2tik 27ra eta abuztuaren 1etik 14ra izango dira, 10:00etatik 13:00etara.

Udalak hainbat zehaztapen eman ditu aurtengo Udaleku Irekiei buruz. Esaterako, jakinarazi du hizkuntza behar bereziak dituzten haurrek sarbide zuzena izango dutela, baldin eta ikasturtean zehar euskararen ezagutza edo erabilera sustatzeko programaren batean parte hartu badute (ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da izen-emate garaian) eta Jarraipen Batzordeak bere oniritzia ematen badu.

Bestalde, beharrezkoa bada, zozketa egingo da, harik eta 180 umerentzako tokia bete arte uztailean eta 50 umerentzat tokia bete arte abuztuan. Zarauztarrek lehentasuna izango dute.

Izen-ematea eta prezioak

Izena datorren astean eman beharko da: maiatzaren 14tik 18ra arte, hain zuzen. Bi aukera eskaini dituzte izena emateko: goizez, 08:00etatik 14:30era, Gaztelekuko lehen pisuan dagoen Hezkuntza sailean eman daiteke. Arratsaldez, berriz, 17:00etatik 20:00etara, Gaztelekuko beheko solairuan, Gazte Informazio Bulegoan. Nahiago duenak, hezkuntza@zarautz.eus helbidera idatzi dezake.

Prezioak ere jakinarazi ditu udalak: uztailean 85,60 euro balioko du, eta abuztuan, 42,80 euro. Ordainketa egiteko epea maiatzaren 31tik ekainaren 7ra arte egongo zabalik, eta ordainagiriak Gaztelekuan entregatu beharko dira edo korreo elektronikoz bidali. Behin-behineko zerrenda maiatzaren 24an argitaratuko da Gaztelekuko tabloian eta Zarauzko Udalaren webgunean.