Gaur zabaldu da kiroldegiko udako ikastaroetan izena emateko epea

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 22a, 08:30

Haur, gazte eta helduei zuzendutako udako ikastaroak izango dira Aritzbatalde kiroldegian uda osoan zehar.

Gaur zabaldu da Aritzbatalde kiroldegiko udako ikastaroetan izena emateko epea, haur igeriketa ikastarokoa izan ezik; hau, ekainaren 4tik aurrera egin beharko da. Uretako zein lehorreko jardueren artean hautatzeko aukera izango da.

Haurrei zuzendutako berrikuntzarik handiena Udako Kirol Txokoa izango da. Zerbitzu hau astez aste antolatuko da, uztailean zehar, eta 2006 eta 2013 urteen bitartean jaiotako haurrei zuzendua izango da, hau da, HH4 mailatik LH6 maila bitarteko haurrei. Kirol Txokoan, besteak beste, dantza jolasak, areto jolasak, erraketa jolasak, jolas lasaigarriak zein trebezia jolasak egiteko aukera izango dute. Zerbitzu honen prezioa bazkideentzat 45 eurokoa izango da, eta bazkide ez diren haurrentzat 72 eurokoa. Horrez gain, igeriketa ikastaro intentsiboak ere eskainiko dituzte, aurreko urteetan bezala, 2015ean edo lehenago jaiotako haurrentzat.

12 eta 16 urte bitarteko gazteek ere proposamen berria izango dute: GazteFit Indoor eta GazteFit Ura jarduerak. GazteFit Indoor ikastaroa astelehen, asteazken eta ostiraletan eskainiko da eta jarduera ezberdinak burutuko dituzte gazteek, besteak beste, Total Training, Zumba eta Jump. GazteFit Ura ikastaroa, aldiz, astearte eta ostegunetan izango da igerilekuan, eta bertan, ur jolasak, teknika, aquafitness... egiteko aukera izango da.

16 urtetik gorakoentzat ere hainbat ikastaro antolatu dira. Alde batetik, Pilates, Spining, Zumba, Total Training eta Yoga ikastaroak, goizez eta arratsaldez eskainiko dira. Bestetik, igerilekuan, Getaria-Zaraut itsas zeharkaldia prestatzeko ikastaroak eta aquafitness jarduera eskainiko dute.