Palestinari babesa emateko udaleko alderdi politiko guztien adierazpen instituzionala

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 23a, 08:30
Palestinar bat Gaza eta Israelen arteko mugan harriak jaurtitzen. (Telegraph)

Honako adierazpen instituzionala adostu dute udaleko alderdi guztiek eta mozioa hurrengo osteguneko (maiatzak 31) onartuko dute.

"1948ko maiatzaren 15ean, historia modernoko kolonizazio prozesu luzeenetako bat hasi zen, Naqba, Palestinaren hondamendia. Urteetan eta urteetan zehar, Palestinari bere lurrak, etxeak, baliabide naturalak, eta oinarrizko eta ezinbesteko eskubideak kentzen aritu da Israel. Palestinako herritarrak banatzen dituzten hormak eraiki ditu, horma fisikoak, Cisjordaniakoa bezalakoak, edo legezkoak, errefuxiatuta dauden palestinarrei euren etxeetara itzultzea galarazten dietenak bezalakoak. Gazan, hau da, mundu osoan aire zabalean dagoen kartzelarik handienean, eguneroko bizitza bizirik irauteko borroka bat da, eta Nazio Batuen Erakundeak berak ohartarazi zuen, horrela jarraituz gero, 2020. urtean lurralde horretan ez zela bizitzerik izango.


Naqba edo Israelen jazarpena eta garbiketa etnikoa gertatu zenez geroztik hirurogei urte pasatu dira, eta Gaza, Cisjordania eta Jerusalem militarki okupatu zutenetik berrogeita hamar urte, eta hala ere, palestinarren dramak konpondu gabe jarraitzen du. Bost milioi errefuxiatu palestinar baino gehiago Jordanian, Sirian, Iraquen edo munduan zehar barraiatuta bizitzera behartuta daude… eta errefuxiatu horiek beren etxe eta herrietara itzultzeko eskubidea dute. Sei mila palestinarretik gora daude Israelgo kartzeletan, eta mundu osoan beste inon gertatzen ez den egoera bat bizi dute: Israelgo indar okupatzaileak Palestinako herritarren laurdena atxilotu edo detenitu du noizbait, gehienetan salaketarik gabe, eta gero eta kasu gehiagotan, adin txikikoak.

Azken asteotan, Naqbaren oroitzapenean, Gazako zerrendako palestinarrak euren lurretara itzultzeko martxa bat egiten ari dira. Itzuleraren Martxa Handia izena du, martxoaren 30az geroztik ari dira ospatzen, eta Naqba-ren 70. urteurrenaren ospakizunarekin lotuta du. Bestalde, Cisjordaniako palestinarrak, Itzuleraren Martxa Handian parte hartzeaz gain, Jerusalemen manifestatu dira Ipar Amerikako enbaxada Israeldik Jerusalemera eramatearen kontra.

Martxoaren 30etik gaur arte, martxa horretan parte hartzen zeuden 70 palestinar gutxienez hil eta 6.000 baino gehiago zauritu ditu Israelek, horietako asko larri zaurituta daude. Estatu Batuetako enbaxadaren inaugurazio-egunean, berrogeita hamar palestinar baino gehiago hil zituen Israelek Gazako Zerrendan. Ezinbestekoa da Nazio Batuen Erakundeak neurriak hartzea horrelako sarraski baten aurrean palestinarrak babesteko.

Gazan ikusten ari garena gerrako krimenak dira, eta Israelen partetik Nazioarteko Eskubidearen urraketa lazgarria. Nazio Batuen Erakundeak, estatu batzuek eta Nazioarteko Gorte Penalak salatu dituzte krimen horiek eta Israeli eskatu diote amaitu dezala bortizkeria horrekin. Nazio Batuen Elkartearen 242. Ebazpena bete behar du Israelek, eta okupatuta dauzkan lurralde palestinarretatik alde egin behar du. Gure gobernuei benetan presio egiteko garaia da, Israel behartu dezaten hondamendi horrekin bukatzera, eta eskura dituzten baliabide guztiekin, behartu dezaten gelditzera.

Eta horrexegatik honako mozio hau aurkezten dugu:


Adierazpen instituzionala

  1. Israelgo gobernua Palestinako herriarekin egiten ari den giza-eskubideen urraketa larria gaitzetsi eta salatzen du Zarauzko Udalak.

  2. Israelen okupazioa, kolonialismoa eta apartheid–a gaitzetsi eta salatzen ditu Zarauzko Udalak.

  3. Zarauzko Udalak Estatuko Gobernuari eskatzen dio defenda dezala, nazioarteko foro guztietan, Nazio Batuen ebazpenak betetzeko alde guztiek duten obligazioa.

  4. Zarauzko Udalak Estatuko Gobernuari eskatzen dio berretsi dezala Diputatuen Kongresuak, Palestinako Estatuaren aitorpenari buruz, 2014ko azaroaren 26an hartu zuen erabakia."