Hondakinen tasaren kobrantza maiatzaren 30ean egingo du Udal Elkarteak

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 25a, 15:40
Hondakin sistema berriko edukiontziak. (Aritz Mutiozabal)

Orain arte udalek kobratzen zutena Udal Elkarteak kudeatuko du aurrerantzean.

Maiatzaren 30ean kobratuko du Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako etxebizitza eta establezimenduei dagokien lehen hiruhilekoko hondakinen tasa Udal Elkarteak. Industrialdeetako enpresei aurrerago kobratuko zaie lehen hiruhilekoari dagokion zatia. Urtarrilaren 1az geroztik herri hauetako hondakinak biltzeko zerbitzua Urola Kostako Udal Elkartea ari da kudeatzen, baita hondakinen tasak ere.

Etxebizitzen eta establezimenduen (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak) tasa finkoa da eta hiruhilero ordaindu behar da. Udaletxean hondakinen tasa helbideratuta zutenei kontutik kobratuko zaie, zuzenean. Helbideratzeko eskaera egiteko edo datuak aldatzeko eskabidea aurkeztu beharko da.

Helbideratu gabekoen kasuan, ordainagiria postaz bidaliko dute zergadunek adirazitako helbide fiskalera, eta banketxean ordaintzeko aukera egongo da (Kutxabank, Laboral Kutxa, Sabadell), banka mugikorraren bidez, kutxazainetan edo bulegora bertaratuta. Ordainketa online egiteko aukera ere badago, Udal Elkartearen webgunean. Ordainagiria jasotzen ez bada, duplikatua eskatu beharko da borondatezko epealdian bere udaletxean edo Urola Kostako Udal Elkartearen bulegoetan. 

Hondakinen tasaren konbrantzaren inguruan edozein zalantza izanez gero, 943 89 08 08 telefonora deitu, idazkaritza3@urolakosta.eus helbidera idatzi edo Udal Elkartearen Zarauzko bulegora gerturatu.