Gure Esku Dagoren giza katea

Salgai daude giza kate eguneko herri bazkarirako txartelak

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 29a, 12:27

Ekainaren 10ean egingo da Gure Esku Dago-ren giza katea, eta Zarautzen herri bazkaria egingo dute gero, Musika Plazan. Txartelak salgai jarri dituzte. Giza katerako 1.000 zarauztarrek emana dute izena dagoeneko.

Euskal Autonomia Erkidegoa zeharkatuko du aurten Gure Esku Dago-ren giza kateak, ekainaren 10ean. Eskualdetik pasako da erabakitze eskubidearen aldeko katea, eta Zarautzen, esaterako, 1.000 lagunek eman dute izena dagoeneko.

Eguerdian egingo dute giza katea, 12:00etan. Ondoren, herri bazkaria egongo da Musika Plazan (txarra egingo balu, Munoako karpan izango litzateke bazkaria). 500-600 lagunentzako bazkaria prestatuko dute, Gorka Aranguren Zarauzko Gure Esku Dago taldeko kideak azaldu zionez HITZAri aurreko astean, elkarrizketan.

Zarauzko antolatzaileek jakinarazi dutenez, salgai daude bazkarirako txartelak, 12 eurotan. Herriko hainbat taberna eta saltokitan jarri dituzte eskuragarri. Hona, zerrenda: Arranon, Batzokian, Eguzkin, Yubion eta Laun (Azken Portuko okindegia).

Eskuorriak banatzeko boluntario bila

Jendeari informazioa helarazteko boluntarioak behar dituela adierazi du Gure Esku Dagok. Datozen egunetan eskuorriak postontzietan sartzen arituko dira, eta horretarako prest dagoenak Whatsapp mezu bat idatzi behar du 629562925 mugikor zenbakira.