LABek deituta, bi orduko lanuzteak ari dira egiten gaur

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 30a, 13:15

Hogei langile inguru elkartu dira gaur eguerdian Zarautzen autobide sarrerako biribilgunean, LABek deituta. Sektore guztietan "lan hitzarmenak blokeatuta" daudelako hasi ditu protestak sindikatuak herriz herri; gaurkoa izan da lehen protesta.

Zarauzko LABeko ordezkariek HITZAri esan diote oraindik ez daukatela gaurko lanuzteen inguruko daturik. Sindikatuak bi orduko lanuztera deitua zuen gaurko, herri guztietan eta sektore guztietan. "Lan hitzarmenak blokeatuta" daudelako hasi dituzte protestak, eta gaurkoa izan da lehen eguna.

Lanuzteez gain, Urola Kostako herrietan elkarretaratzeak egin dituzte eguerdi partean. Zarautzen, esaterako, autobide sarrerako biribilgunean elkartu dira hogei lagun inguru. Besteak beste, ikastetxe eta grafika sektoreetakoak bildu dira bertan.

Prekarietatea eta burujabetza gaiak ditu oinarrian LAB sindikatuaren protesta honek: "Lan hitzarmenak ez dira berritzen ari, blokeatuta daude, eta ez badira negoziatzen, estatukoak aplikatuko dira eta langileentzat baldintza kaskarragoak ekarriko ditu horrek. Bestalde, Euskal Herriaren burujabetza ere aldarrikatu nahi dugu, hemen ezin dugulako erabaki".