Ostegunean zozkatuko dituzte Salberdingo etxebizitza babestuak

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 5a, 15:07

Aritzbatalde frontoian izango da ekitaldi publikoa, 19:00etan.

Salberdingo lehen etxebizitza babestuen zozketa ostegun honetan, ekainaren 7an, egingo da. Amenabarrek sustatutako etxebizitza promozioaren zozketa notario aurrean egingo da eta bertan izango da Xabier Txurruka alkatea ere. Ekitaldia Aritzbatalde frontoian izango da 19:00etatik aurrera, eta Erlo Telebistan streaming bidez emango dute.

120 etxebizitza eraikiko dira lehen fase honetan, bakoitza bere garaje eta trastelekuarekin. Etxebizitza horietatik 7 udalarentzat daude erreserbatuta, "horretarako eskubidea duten Salberdingo familiei" ostatu emateko. Beraz, geratzen diren beste 113 etxebizitzak zozkatuko dituzte ostegunean. Horietatik 5, etxebizitza egokituak izango dira, mugikortasun murriztu iraunkorra dutenentzat.

Xabier Txurruka alkateak azaldu duenez, Etxebizitzaren Udal Planaren helburua zarauztarrei etxebizitza eskuratzeko bidea erraztea da. "Gaur egun, 1.508 dira babestutako etxebizitza eskatzen duten Zarautzen erroldatutako bizikidetza-unitateak. Horietatik 1.103k salmentan eskatzen dituzte eta 405ek alokairuan". Alkatearen arabera, Zarautzek urte gehiegi zeramatzan babestutako etxebizitzak sustatu gabe, eta osteguneko zozketarekin, Salberdingo proiektua "desblokeatu eta martxan jartzeko promesa beteko dutela" adierazi du. Amaitzeko, Salberdin eremua garatzeak 955 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duela azaldu du, 449 libreak eta 506 babestuak.

Zozketaren prozedura

Zozketan parte hartuko dutenak izango dira Etxebiden izena emanda duten eta sustapen honen esleipen prozeduran parte hartzeko borondatea adierazi dutenak. Eskaera bakoitzari ausaz zenbaki bat egokitu zaio. Guztira, 1.011 eskatzailek hartuko dute parte 113 etxebizitzen zozketan eta bat, bi edo hiru logelakoak izango dira etxebizitza horiek. Mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat egokitutakoak bi logelakoak izango dira; 61 hiru logelakoak  (hauek bizikidetza-unitateak dituen kide kopurua kontuan izanda esleituko dira) ; 40 bi logelakoak (bizikideta-unitateak dituen kide kopuruak kontuan izanda esleituko dira); eta, azkenik, 7 etxebizitza logela bakarrekoak.

Mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako etxebizitzak esleituko dituzte lehenengo, lau eskatzaile baitaude eta esleitzeko bost etxebizitza. Esleituko ez den etxebizitza, bostgarrena, gorde egingo da mota honetako etxebizitza eskaera bat izan arte. Ondoren, zozketa-ontzian eskaera bakoitzeko bola bat sartuko da. 1.011 bola horietatik 108 aterako dira eta zenbaki horiei sustapeneko etxebizitzak esleituko zaizkie. Etxebizitzarik esleitzen ez dieten zenbakiekin, sei hilabeteko baliozkotasuna izango duen itxaron zerrenda zehaztuko da ekitaldi berean, parte hartzaile guztiekin.

Zozketaren inguruko informazio gehiago eskuragarri dago www.zarautz.eus edo www.salberdinberri.com webguneetan. Nahiago duenak, 943-54 35 43 telefono zenbakira deitu dezake edo Amenabarren bulegoetara jo (Askatasuna Hiribidea, 3, Donostia). Zarautz-Lur lurzoru eta etxebizitzarako udal erakundearen bulegoetan ere eskuratu daiteke informazioa.