Irudietan: Salberdingo lehen faseko babes ofizialeko etxebizitzen zozketa

Amaia Urbieta Arruti 2018ko eka. 7a, 20:24

Aritzbatalde pilotalekuko harmailak bete egin dira babes ofizialeko etxeen zozketan.

19:00etan hasi da Zarauzko Udaleko eta Amenabar enpresako ordezkariek bideratutako ekitaldi publikoa. Salberdingo etxebizitzen lehen fasearen zozketa honek 1007 parte hartzaile izan ditu, eta haietako 108ri esleitu zaie etxebizitza bat. Mugikortasun murriztu iraunkorra dutenenentzat egokitutako etxebizitzen zozketan, berriz, 4 parte hartzaile izan dira, eta bost etxebizitzako eskaintza egon da, beraz, parte hartzaile guztiei esleitu zaie etxebizitza bana.

Xabier Txurruka alkateak eman dio hasiera ekitaldiari, proiektua posible egin duten guztiei eskerrak emanez, eta "hitz emandakoa betetzen" ari direla azpimarratuz. Ondoren, Enaut Saiz Zubeldiari (Amenabar enpresako ordezkariari) pasatu dio hitza, kiroldegiko harmaila beteekin eta eskubaloiko Amenabar taldearekin txantxa eginez. Saizek zozketa "gardentasun osoz" egina izango dela esan du, eta segidan, etxebizitzen ezaugarriak azaldu dituzte gainontzeko ordezkariek. Anjel Maria Moreno Gallego Zarauzko notarioak 1007 bolatxoak bertan zeudela egiaztatu duela azpimarratu du Saizek, eta harmailetako parte hartzaileak gonbidatu ditu pertsonalki egiaztatzera.

Mugikortasun murriztu iraunkorra dutenentzat egokitutako etxebizitzak esleitu ondoren, egokitu gabeko etxeen zozketa hasi da. Zortedun batzuen emoziozko negarrak eta alaitasun oihuak entzuteko aukera izan da gaur Aritzbatalden. 108. bolatxoa atera ostean, aurpegi gazi-gozoak izan dira nagusi pilotalekuaren kanpoaldean.