Ostadarraren indarra

Onintza Lete Arrieta 2018ko eka. 13a, 08:00
Urkiri-Agirrezabalaga familia, astelehen arratsaldeko eguzki unea aprobetxatzen. (Onintza Lete Arrieta)

Malen Urkiri Agirrezabalagak 11 urte ditu, eta kirolzale amorratua da. Gurpildun aulkian egoteak zenbait muga sortu badizkio ere, zoriontasuna aurkitu du kirol egokituko talde batean.

«Beste Malen bat ikusi dugu, eman dion bizipoza ikaragarria da», azaldu du Maialen Agirrezabalak 11 urteko alabaz. Ostadar kirol elkarteak eman dio bizipoz hori Malen Urkiri zarauztar gaztetxoari. Charcto Marie Tooth izeneko gaixotasuna du eta, ondorioz, gurpildun aulkian dago. «Malen oso kirolaria da, eta Ostadar guretzat sekulakoa izan da, nork bere mugekin, baina kirola egin daitekeela erakutsi digulako. Animatu behar ditugu kirola egin nahi duten guztiak kirola egitera, batez ere adin honetako umeak; norbaitek ezin badu egin eskola kirola, badaudelako beste aukera batzuk», azaldu du Iker Urkiri Malenen aitak.

Orain urtebete inguru sortu zuten kirol egokituko saila Lasarteko Ostadar taldean, eta Gipuzkoa osotik 8-9 gaztetxo joaten dira astero Lasartera, saskibaloian aritzera. «Maleni sekulako bizitza eman dio: taldeko parte izateak, lehiakortasun horrek, kanpora joateak jokatzera eta hain ondo pasatzeak...».

Esaterako, orain gutxi slalom egokituko Espainiako Txapelketan izan dira Osatadarrekoak, eta Malenek urrea eskuratu du taldeka, eta brontzea, banakako saioan. Oro har ez du askorik hitz egiten grabagailuaren aurrean, baina kirolaz galdetuta, hitzak bata bestearen atzetik datozkio, abiada bizian. «Slalomean pista bat jartzen dizute, eta zuk ahalik denbora gutxienean egin behar duzu ibilbidea. Ibilbidearen formaren arabera, lan bat edo bestea egin behar da, eta hori buruz jakin beharra daukagu. Gainera, penalizatu egiten dute posteak botaz gero edo marrak zapalduz gero. Azkar eta ondo egin behar da», esplikatu du, gogotsu.

Emaitza onak askorik entrenatu gabe lortu ditu, baina datorren ikasturtean agian slalom entrenamenduak egingo dituzte astean behin, eta pozik dago.

Gurasoak ere oso gustura daude Ostadarrekin, eta lasaitasuna ere eman die: «Malenentzat oso garrantzitsua zen kirola egitea, eta beti saiatzen ginen berak ere parte har zezan era guztietako kirol ekitaldietan. Orain, denok erlaxatu gara; bera gustura dabil Ostadarren, eta gu ere lasaiago».

Denetarik egin izan du Malenek: eskubaloiko atezain aritu izan da Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketan; korrika saioetan parte hartu izan du; eta eskola kirolean ere ibili izan da.


Herria, laguntzeko prest

Kirolaz bestelako afizioak ere baditu, ordea. Esaterako, musika. Tronboia jotzen du, eta beraz, aitaren bidea jarraitzen ari da, hura ere musikaria baita afizioz.

Agirrezabalagak azaldu du oso aktiboa dela Malen, eta herriko hainbat ekintzatan parte hartu izan duela beti: «Alprojakoek propio berarentzat pertsonaia bat asmatzen dute berak antzeztu dezan; danborradan, Erregetako txarangan... Gauza askotan hartu izan du parte. Inoiz ez da gelditu nahi zuen zerbait egin gabe, beti aurkitu izan dugu modua».

Alde horretatik, hitz onak dituzte Zarauzko eragileentzat eta baita udalarentzat ere. Beraiek ez dute inoiz udalarengana jo, adibidez, koskaren bat kentzeko eskatuz. Baina beren lagun batek bai, eta gustura dira jasotako erantzunarekin: «Argiñano inguruan bizi da lagun bat. Espaloiak estuak dira han, eta espaloiko zuhaitz bat oker-oker gelditu zen, eta ezin zuen pasa gurpildun aulkiarekin. Udaletxera jo zuen, eta bi egunetan konpondu zioten arazoa».

Malenen gurasoen hitzetan indarra nabari da, determinazioa, eta poza, alaba pozik ikusten dutelako. Kexaren bat bai, «diru laguntzen sistema lotsagarria delako». Baina, oro har, gauzen alde positiboaz aritu dira.

Alaba hazten ari da, eta behar berriak ageri ahala, haiei erantzutea da beren lehentasuna. «Malen oso independentea da, eta etxera bakarrik etortzen da, baina ezin ditu giltzak sarrailean sartu, eta ateak motorizatzea da orain gure asmoa», kontatu dute. Hori dute buruan, eta baita beren errealitatea eta Ostadar taldea jendeari ezagutaraztea ere. «Jende askok ikusiko zuen Malenek txapelketa jokatu duela eta Ostadar taldean dagoela, eta Zarautzen edo inguruan baldin badago beste umeren bat egoera berean, errazagoa izango da gerturatzea taldera, gu ikusi ondoren. Hori da gure helburua: ez dadila gelditu umerik kirola egin nahi eta egin ezinda».