Sekretu bakarra, pasioa

Unai Zubeldia-Gipuzkoako Hitza 2018ko eka. 15a, 09:46
Amenabar Zarautz, partida batean (Luis Epelde)

35 talde, 600 jokalari baino gehiago eta 120 entrenatzaile eta laguntzaile. Baliabide ekonomiko gutxirekin, egitura erraldoia dauka Zarauzko eskubaloi klubak. Gaur erreportajea argitaratu du UROLA KOSTAKO HITZArekin eta Berria-rekin banatzen den Gipuzkoako Hitza astekariak

"Boluntarioak gara denok”. Nahiz eta profesionalen gisan lan egiten duten. “Inork ez du kobratzen hemen, ez kimuen taldeko entrenatzaileak eta ezta senior mailakoenak ere. Jende askoren borondate ona, horixe da klubaren sekretua”. Inma Saenz de Santamaria da Zarauzko eskubaloi klubeko presidentea —Juanan Urdangarin ere aritzen da lan horietan—, eta “denboraldiko garairik zailenean” murgilduta dabiltza orain. “Jarraitu, ez jarraitu, denekin hitz egiteko garaia izaten da hau, eta ez da erraza eskaintzeko askorik ez daukazunean guztiei proiektua babesten jarrai dezatela eskatzea”. 35 talde, 600 fitxa baino gehiago eta 100-120 entrenatzaile eta laguntzaile daude guztiak horren atzean, 23.000 biztanle dituen herrian.

“Ni duela hamahiru urte sartu nintzen zuzendaritzan”, hasi du azalpena Saenz de Santamariak. “Eta garai hartan hamahiru talde zeuzkan klubak. Pentsa, ia hirukoiztu egin da kopurua”. Hainbeste hazi da kluba, Orion hiru talde dauzkate egun, Zarauzko klubarekin elkarlanean, eta inguruko beste hainbat herritatik ere iristen dira jokalariak. Federatuta dauden jokalarien datuak soilik aintzat hartuta, 281 ditu Zarauzko klubak, 201 Elgoibarko Sanlo EKTk, 167 Errenteriako Ereintzak, 153 Eibar Eskubaloiak…

Emilio Olazabalen eskutik, 1965ean sortu zen eskubaloi kluba —1943an gorpuztu zen Zarautz Kirol Elkartearen proiektua—, eta gaur egun Amenabar Zarautz gizonezkoetan eta Aiala Zarautz emakumezkoetan daude klubaren piramidearen goiko muturrean; Espainiako Ohorezko B Mailako taldeak dira biak. Amenabar Zarautzek 13. postuan amaitu du liga —zazpi urteren ondoren, Aitor Urbitartek ez du jarraituko entrenatzaile karguan—; eta Aiala Zarautzek, hirugarren B multzoan. Urrutira joan gabe, 2015-2016ko denboraldian Ohorezko Mailan jokatu zuen emakumezkoen taldeak. “Eskola mailan dago, ordea, klub honen benetako indarra. Futbola, saskibaloia eta eskubaloia lantzen dituzte talde kiroletan, eta denek izaten dute aukera kirol hau ezagutzeko”.

Irakurri erreportajea osorik.