Santa Barbaran transformazio zentro elektriko berria instalatuko du Iberdrolak

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 16a, 17:54

Santa Barbaran hasi dira lanak egiten (Zarauzko Udala)

Hitzarmena sinatu dute Iberdrolak eta Zarauzko Udalak, Santa Barbaran dagoen Mendibeltz ur biltegiaren ondoan transformazio zentro elektriko berri bat instalatzeko. Instalazioaren aurreko lanak egiten hasiak dira, eta bi hilabetean amaituko dituzte.

Ekainaren 4tik urbanizazio lanak egiten ari dira Santa Barbara auzoan, Mendibeltz ur biltegiaren ondoan transformazio zentro elektriko berria instalatuko baitu Iberdrolak. Udalarekin hala hitzartua du, eta martxan da proiektua.

Urbanizazio lanek bi hilabete iraungo dituzte, udalak azaldu duenez. Linea elektriko berria jartzeko beharrezkoak dira lan horiek, eta Construcciones Otegi Gaztañaga S.L. enpresak egingo ditu. 122.352,83 euroko aurrekontua du, eta Iberdrolak zati bat ordainduko dio udalari. Zehazki, 40.990,98 euro.

Txakolin ekoizleentzat

Xabier Txurruka alkateak prentsa ohar bidez esan du helburua dela hobetzea Santa Barbaran ur eta argindar sarearen hornidura.

Gainera, gune horretan dauden txakolindegien beharrak azpimarratu ditu: "Azken urteetan, Santa Barbarako auzoak argindar horniduran gabezia jasan izan du, bereziki, txakolina ekoizten duten baserriek. Gainera, adjudikatutako urbanizazio lan hauek hornidura zabaldu eta finkatzea ahalbidetuko du, Santa Barbarako udal ur biltegia herriko sarearekin lotuko baita".