Xabier Txurruka izango da EAJren alkategaia udal haustekundeetan

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 15a, 15:04
Xabier Txurruka, EAJren Zarauzko alkategaia izango da 2019ko haustekundeetan (Zarauzko EAJ).

Afiliatuek aho batez aukeratu dute hautagai izateko, eta beregan jarri dute konfiantza, agintaldi honetan bere taldeak udalari "bultzada berria" eman diola nabarmenduz.

Xabier Txurruka alkatea berriz aurkeztuko da EAJko Zarauzko alkate izateko 2019ko udal hauteskundeetan. Zarauzko EAJko afiliatuek aho batez erabaki dute, azken bi hilabeteetako eginiko batzarretan aukeratu eta gero. Jeltzaleek beregan jarri dute beste behin konfiantza, "martxan dagoen ilusioz beteriko proiektua" bultzatuko duen taldea zuzentzen jarraitzeko. Udalaren barne funtzionamendua eta horri dagozkion tramite eta kudeaketa mekanismoak oso ongi ezagutzen dituela nabarmendu dute jeltzaleek.

"Lau urte hauetan gobernu eraginkorra ezartzeko oinarriak jarri dira, ideia eta kudeaketarako gaitasun berriekin. Zarautzek dituen behar nagusiei erantzuna emateko eta etorkizunerako estrategikoak diren proiektuen garapenean aurre egiteko gai den gobernu taldea dugu", azaldu du EAJk. Gainera, Txurrukak eta bere taldeak "bultzada berria" eman diotela udalari gaineratu du, "gure alderdian berezkoak ditugun nortasun zeinuekin bat datorrena: seriotasuna, zorroztasuna eta etika".

Era berean, "gertuko pertsona" eta "oso ongi prestatua" dela nabarmendu du, "proiektuen kudeaketan eskarmentu handikoa eta erabakiak hartzera ohitua". Gainera, "herrigintzari eta elkartegintzari irmo lotutako pertsona da eta horrek balio gehigarria ematen dio gure hautagaiari".

Zarauzko EAJk aurreratu duenez, Txurrukaren ardura nagusia izango da EAJk Zarauzko Gobernurako izango duen bide orria egitea, lan taldea osatzea eta proposamen garrantzitsuenak biltzea, "are eta indar handiagoarekin". Jeltzaleek adierazi dute beharrezkotzat jotzen zutela herria bultzatuko zuen "lidergo berri bat" ezartzea, "ideia berriak eta kudeatzeko gaitasuna edukiko zituena, inposaketak alde batera utziz, eta benetan gai izango zena modu irekian gobernatzeko, herritarren partaidetzan oinarrituz eta sentsibilitate ezberdinak batu eta akordioak lortuz". Eta lau urte hauetan Txurrukak eta bere taldeak erakutsi dutela "horretarako eta gehiagorako" gai direla, eta horregatik, beragan jarri dute konfiantza.

"Gure hautagaia eta bere talde osoa eskertu nahi ditugu agintaldi honetan Zarautz zentzu guztietan hobetzeko egin duten lan handiagatik. Hala jarraitzea da gure desioa, horren harro gaituen herrian zarauztar bezala eredu izateko", azpimarratu du Zarauzko EAJk.