6.000 euroko laguntza emango dio udalak Salvamento Maritimo Humanori

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 20a, 18:40

2015ean hasi zuen harremana Zarauzko Udalak Salvamento Maritimo Humanorekin, eta urte hartan Zarautz harrera herri izendatu zuten, besteak beste.

Errefuxiatuen nazioarteko eguna da gaur. Zarauzko Udalak, "gaiarekiko hartuta duen konpromisoa betetzeko dirulaguntza xume" bat eskainiko dio proiektuari. Hain zuzen ere, Maydayterraneo itsasontzian inbertituko da udalaren ekarpena. 2015ean eta 2017an ere eman zizkion udalak diru laguntzak Salvamento Maritimo Humanori. Patxi Elola kooperazio arduradunak azpimarratu du proiektuarekin bat egitearen garrantzia. "Pertsonen bizitzak salbatzeaz arduratzen dira, eta hori funtsezkoa da. Bizitzarik gabe, ez dago ezer. Gure konpromiso eta betebeharra da bizitza horiek salbatzen ahalegintzea, gero etorriko diren arazo administratiboak hartuta. Egunotan hedabideetan ikus dezakegun Aquarius ontziaren kasuarekin, esaterako, Europak arazoa bere gain hartzea espero dugu".

2015ean harrera herri izendatu zutenetik, errefuxiatuen bi familia hartu ditu Zarautzek. Prozesu honetan, Hotz Zarautz elkarteari aipamen berezia egin diote arduradunek, eta Gloria Vazquezek azpimarratu du herri "solidarioa" dela Zarautz, eta "berehala antolatu zirela herritarrak 2015ko errefuxiatuen krisia lehertzean". Auzolana proiektuaren barruan egin zieten harrera bi familiei. Proiektuaren bigarren fasea lantzen ari direla azaldu du Elolak, eta laster, familia gehiago etorriko direla ere esan du.