Egunak eta gauak emakumeenak direla aldarrikatu dute Urola Kostako feministek

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 22a, 11:33
Atzo, osteguna, egin zuten agerraldia Azpeitian (Maialen Etxaniz)

Azpeitian egin dute agerraldia eskualdeko eragile feministek, eta azpimarratu dute pronto daudela "biolentzia matxistari hortzak erakusteko".

Urola Kostako talde feministetako kideak eta beste hainbat emakume Azpeitian elkartu ziren atzo, osteguna, "egunerokotasunean ematen diren eraso sexistez nazkatuta". Adierazi zutenez, "biolentzia matxistari hortzak erakusteko pronto" daude: "Elkarrekin indartsuago egiten ari gara, antolatuta gaude, eta beldurrik gabe erantzuteko prest gaude. Indarkeria matxistaren aurrean, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia iritsi da".

Atzoko deialdiaren sustatzaileen hitzetan, " ezinbestekoa da agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura indarkeria sexistaren aurkako borrokan. Pasibotasunak ez du balio". Adierazi zutenez, inguruko herrietan egunerokotasunean jasaten dituzten erasoen erantzukizuna "pertsonala zein kolektiboa" da. "Erasotzaileek eta beren babesleek erantzukizuna dutela argi dugu. Eraso bat jazotzen bada, erantzun bat emango dugu", gaineratu zuten.

Sanferminetako bortxaketaren epaiaz

Ostegunean jakin zen Nafarroako Auzitegiak baldintzapean libre utziko dituela Iruñean 2016an egindako taldeko sexu erasoan parte hartu zuten bost gizonak. Azpeitian elkartu ziren eragileetako kideen hitzetan, epai hori "justizia ere gizonek eta gizonentzat egindako neurrira, patriarkatuaren neurrira, dagoela frogatzen duen beste adibide bat besterik ez da". Euren iritzian, "jendartea eta sistema osoa errotik aldatu ezean, ez da parekidetasuneranzko biderik egingo".