Barbara Stammel: «Ispilu joko bat proposatu nahi diot begira dagoenari»

Amagaoia Gurrutxaga Uranga / Berria.eus 2018ko eka. 24a, 15:18
Barbara Stammel, Zarauzko Merkatu plazan paratu duen erakusketan (Amaia Urbieta Arruti).
Ostegunean inauguratu zuen erakusketa Stammelek, Zarautzen. Amagoia Gurrutxaga Urangak eginiko elkarrizketa argitaratu du Berria.eus-ek.

Mende laurden joan da ia Barbara Stammel (Socking, Alemania, 1960) euskal kostaldeko herri honetan ezarri zenetik. 1994an izan zen. Getarian (Gipuzkoa) aurkitu zuen bizitzeko eta sortzeko gune aproposa. Bertan bihurtu zuen pabiloia zena estudio; bertan hartu du kazetaria, Lili txakurrari lepokotik eusten dion bitartean. «Gaztea da, eta jendearen gainera jauzi egitea gustatzen zaio». Estudioko atea ireki, eta barrura azkar sartzeko keinua egin du. Eta, barruan, gela bat baino gehiago; «hotzaren arabera» mugitzen dituen margoak eta oihalak nonahi. «Hau neguko txokoa da». Berotzen errazena. Lurra, potez beteta; paretak, aurpegiz. Barbara Stammelen koadroak. Barruko ezdakizunzer hori ezdakizunola ukitzen dizuten begirada eta espresio erraldoi horiek. Txikiagoak ere badaude. «Begira, hauek ordenagailu pantailen gainean margotuak dira. Kristalaren gainean aritzea bezala da». Sentimendu, irudi eta objektuen eraldaketa. Birziklapen emozionala eta materiala. Ostegunean Zarauzko Merkatu plazan (Gipuzkoa) inauguratu zuen erakusketarako prestaketa betean.

Obra asko ari zara prestatzen Zarauzko erakusketarako.
Kamioikada bat beteko dut. Hamabostetik gora oihal handi eramango ditut gutxienez, eta oraindik zehazteko daukat lan txiki kopurua. Ez da erakusketa txikia izango, ez.

Eta erakusketarik ez duzunean?
Lanean segitzen dut. Egunero egiten ditut sei-zazpi ordu. Etenekin, baina ordu horiek egiten ditut. Hemengo paperezko poltsa hauek, esaterako, egunen batean erakutsiko ditut, beste erakusketaren batean. Argizariz eta arkatzez margotuta daude aurpegiak, kraft paper gainean, eta arbola moduko bat, egitura bat, egingo dut, poltsok zintzilikatzeko. Egitura horiek pentsatu egin behar dira, eta badut laguntzaile oso ona herrian, soldatzailea. Hark laguntzen dit buruan daukadana gauzatzen.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus