Hitzaldi irekia eskainiko du ostiralean Alkoholiko Anonimoen elkarteak

kudeatzailea 2018ko eka. 28a, 09:00
Langako plazan dute egoitza.

Antoniano aretoan izango da hitzaldia, 19:00etan hasita.

Hondartza da Alkoholiko Anonimoen Zarauzko taldeak 55 urte bete ditu aurten. Horregatik, hitzaldi irekia antolatu dute biharko (ekainak 29). Gaixotasuna hainbat ikuspegitatik azalduko dute zenbait lagunek. Zehazki esateko, hitza hartuko dute Alkoholiko Anonimoak elkarteko kideek, Al-Anon elkarteko kideek (gaixoen senitartekoen elkartea) eta Libe Intxauspe psikiatrak. Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Antoniano aretoan.

Alkoholarekin arazoak dituzten zarauztarrei laguntza emateko eta taldean hitz egiteko, astero biltzen dira. «Hondartza taldearen ateak zabalik daude beharra duten guztientzat», gogorarazi dute kideek.Batetik, alkoholarekin arazoak dituztenak biltzen dira, astelehen eta ostegunetan, 19:30ean. Bestetik, haien sendiak elkartzen dira, asteartero 20:00etan. Langako plazako 16. zenbakiko egoitzan izaten dira bilerak.

«Ikasi dugu alkoholismoa gaixotasuna dela, eta hala onartua du Munduko Osasun Erakundeak ere. Alkoholik gabe bizi behar dugu, geure buruak eta ingurukoak ez kaltetzeko», azaldu dute.