Egitarau berezia osatu dute aurtengo Kalerki jaialdirako

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 29a, 15:54

25. urteurrena dela eta, bost egun iraungo ditu, eta Amancay Gaztañagak zuzendutako 'A Lurpean' antzezlana aurkeztuko dute. Ainhoa Alberdi, Ander Iruretagoiena, Beñat Aristi, Iraia Elias, Koldo Arakistain eta Patxi Santamaria ariko dira aktore lan horretan. Doan da, baina sarrerak hartu beharko dira aurrez.

Uztailaren 4tik 8ra ospatuko dute aurtengoan Kalerki. Bost egunez, antzerkiz, dantzaz eta musikaz beteko dituzte Zarauzko kaleak. Aurten jaialdiak 25 urte beteko ditu, eta hori dela eta, antzerki berezi bat prestatu dute. Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean, sei antzezle zarauztarrek dihardute A Lurpean lana ontzen. Duela 25 urte Alproja antzerki taldeko hainbat kidek sortu zuten Kalerki, eta duela bost urte, udalak bere gain hartu zuen ekitaldi honen antolakuntza. Nekane Iribar zinegotziak azaldu duenez, "hasierako ilusio berberarekin" jarraitzen dute, ekimen hau aurrera atera ahal izateko.

Uztailak 4, asteazkena:

  • Oxido antzezlana; 19:00etan (euskaraz) eta 20:30ean (gazteleraz), Villa Mundan

Uztailak 5, osteguna:

  • Etsiak antzezlana; 19:00etan, Lege Zaharren Enparantzan
  • Baldin bada akrobazia eta musika saioa; 20:00etan, Frontoi Txikin
  • Revolucion eta Mulïer dantza garaikidea; 20:00etan, Munoa plazan

Uztailak 6, ostirala:

  • Transhumancia antzezlan ibiltaria; 19:00etan, Villa Mundan
  • Babo royal clown saioa; 20:00etan, Frontoi Txikin
  • Kale gorrian antzezlana; 21:00etan, Musika Plazan
  • Topa, Kukai dantza taldearen emanaldia; 22:00etan, Munoa plazan
  • El mundo por montera musika emanaldia; 23:30ean, Frontoi Txikin

Uztailak 7, larunbata:

  • Zezenekin entzierroa; 19:00etan, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta
  • Chef Nature antzezlana; 19:30ean, Munoa plazan
  • Erraia alanbre gaineko dantza; 20:30ean Frontoi Txikin
  • Music on Cycles musika emanaldia; 21:00etan eta 23:30ean, Villa Mundatik abiatuta
  • Entre Cuatro tiempos dantza emanaldia; 22:00etan, Photomuseumen
  • A Lurpean antzezlana; 23:00etan, La Rosaleda parkean

Uztailak 8, igandea:

  • A Lurpean antzezlana; 23:00etan, La Rosaleda parkean

Emanaldi guztiak doakoak izango dira, eta bitan sarrera mugatua izango da. Hain zuzen ere, Oxido eta A Lurpean antzezlanetan. Sarrerak Sanz Enean eskuratu ahal izango dira, eta pertsona bakoitzak bi sarrera soilik har ditzake. Antolatzaileek eskaera berezia egin diete sarrerak hartzen dituztenei, joan gabe ez gelditzeko eskatuz.

'A Lurpean', aurtengo otordu nagusia

Uztailaren 7an eta 8an egingo dute antzezlana. Lewis Carrolen Alicia testuan oinarritutako testu berri baten inguruan eraikitako obra da A Lurpean. Amancay Gaztañaga zestoarrari eman zion udalak obra zuzentzeko ardura, eta Gaztañagak esan duenez, "oso gustora" ari da lanean. "Askotan ez da apreziatzen horrelako zerbait antolatzearen atzean zenbat lan dagoen". Zuzendariak zarauztarrak zoriondu ditu 25. urteurrenagatik, eta "ahalik eta ondoen ospatzen" ahaleginduko direla adierazi du. "Gozatzeko obra bat da, esperientzia bat bizitzeko. Lewis Carrolek absurdoan oinarritutako istorioa sortu zuen, baina absurdo horrek gure barne mundura bidaiatzeko aukera ematen du. Barne mundu horretan, bakoitzak duen desio txiki hori edo galdu duen amets hori berdeskubritzera eramaten gaitu."

Sei aktore zarauztar arituko dira antzezle lanetan. Hain zuzen ere, Ainhoa Alberdi, Ander Iruretagoiena, Beñat Aristi, Iraia Elias, Koldo Arakistain eta Patxi Santamaria. Iraia Elias A pertsonaia soilik izango da, baina beste guztiek pertsonaia asko egingo dituzte. Komedia "ero" bat da A Lurpean. "Gauza batzuk ulertuko ditugu, eta beste batzuek, besterik gabe, gure gorputz barruan zerbait sortuko dute". Obraren amaiera publikoak erabakiko duela ere aurreratu du zestoarrak. Nere Izeta zarauztarra arduratu da jantzien diseinuaz, eta antzezlanaren kartela, berriz, Leire Ruizena da.

Ainhoa Alberdi aktoreak "oparitzat" dauka obra bera eta obraren prozesua. Sei aktoreak elkarrekin ibili izan dira Alprojan, eta orain sormen lanerako berriro elkartzea oso berezia dela uste du zarauztarrak. Patxi Santamaria aktoreak, berriz, belaunaldi ezberdinen uztarketa azpimarratu du, eta zarautzen "antzerkiaren inguruko mugimendua badela" ere baieztatu du.