Hondartzako ingurumen deklarazioa berritu du udalak

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 2a, 16:02
Hondartzako dunak. (Aritz Mutiozabal)

Ingurumen politikak eta udalaren hondartzarekiko kompromisoak biltzen ditu deklarazioak, eta Ingurumen sailetik, herritarrei hondartza "zaintzen eta mantentzen" laguntzeko deia egin diete.

Ingurugiro saila Europar Batasunak gainbegiratutako EMAS sistema erabiltzen hasi zen 2004an. Sistema horren barruan, udalaren ingurumenarekiko konpromisoak biltzen dituen deklarazioa berritu berri du Zarauzko Udalak, Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak jakinarazi duenez. "Zarauzko hondartza ingurumen, aisialdi eta turismo balioak dituen altxorra da. Zaindu eta mantendu egin behar dugu".

Udalaren konpromisoen artean daude hondartzako balio naturalak babestea, baliabideak egoki erabiliz kalitatezko zerbitzuak eskaintzea, zenbait jarduerek eragin dezaketen ingurumen talka kontrolatzea eta aldaketa klimatikoaren eraginak ezagutzea, beharrezko neurriak hartu ahal izateko.

"Zarauzko hondartza urbanoa da, eta horrek giza jarduerek eragin ditzaketen kalteen arriskua handitzen du". Horregatik, ingurumen sailetik hiritarrei eskatzen diete hondartza zaintzeko eta zaborra birziklatzeko zaborrontzietara botatzeko. "Aldundiko langileek goizero garbitzen dute hondartza, baina itsasoak zabor asko eramaten du". Animaliak eta landareak errespeta daitezen ere eskatzen dute. Honekin lotuta, Ingurumen sailak Iñurritzako biotopora egiten dituzten bisita gidatuekin aurrera jarraitzeko asmoa daukatela azaldu du Gloria Vazquezek, aurreko urtean izandako "harrera onagatik".