Urola Kostako bost kirolarik parte hartuko dute Euskal Pilota Egokitua Master Cup txapelketan

Urola Kostako Hitza 2018ko uzt. 4a, 12:36
Euskal Pilota Egokitua Master Cup txapelketaren aurkezpena. (Master Cup)

Larunbatean, kanporaketak jokatuko dituzte Zarautzen, eta igandean, finalaka Legazpin.

Emakume Master Cup txapelketak izandako oihartzunaren ostean, behar bereziak dituzten pertsonei zuzendutako txapelketa antolatu dute: Euskal Pilota Egokitua Master Cup txapelketa, hain zuzen ere. Asteburu honetan jokatuko da txapelketa, bi modalitatetan banatuta: adimen urritasuna duten 12 kirolarik parte hartuko dute batetik, eta gurpil aulkian dauden 12 kirolarik, bestetik. Horien artean, eskualdeko bost kirolari lehiatuko dira: Joseba Altuna oriotarra, Haritz Lertxundi eta Lorea Iribar zarauztarrak, Jurdan Arakistain zestoarra eta Leire Esnal zumaiarra. Bailarako pilotari guztiak adimen urritasuna dutenen modalitatean lehiatuko dira.

Larunbatean eta igandean, uztailaren 7an eta 8an, jokatuko da txapelketa. Larunbatean, kanporaketak jokatuko dituzte, Zarautzen. Goizean, adimen urritasuna dutenek sei partida jokatuko dituzte bikoteka, eta, arratsaldean, gurpil aulkian daudenek beste sei. Modalitate bakoitzean sailkatzen diren aurreneko bi bikoteek hurrengo egunean finala jokatuko dute, Legazpin. 12:00etatik aurrera jokatuko dituzte finalak, eta, ondoren, sari banaketa egingo dute.