Yuri Berchiche: "Ilusio handiz nator, nire esperientzia eskaintzeko asmoz"

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 6a, 12:09

Yuri Berchiche jokalaria gaurko aurkezpenean. (Athletic Club)

Futbolari zarauztarrak aste honetan sinatu du kontratua talde zuri-gorriarekin, 2022ko ekainaren 30era arte.

Azterketa medikua pasa ondoren, jokalari fitxatu berria aurkeztu du Athleticek San Mames futbol zelaiko prentsa aretoan, Josu Urrutia klubeko presidenteak eta Berchichek berak emandako prentsaurrekoaren bidez. Bertan, presidenteak eskerrak eman dizkio jokalariari "hartutako erabakiarengatik". "Talde handi baten egon da eta beste talde handi batera dator", gehitu du.

Futbolariak ere bere esker ona adierazi du: "eskerrak eman nahi dizkiot Josuri eta junta osoari, esfortzu handia egin dute". Ibilbide berri honek sortzen dion ilusioa nabarmendu du, eta filosofia zein historia propioak dituen talde baten egoteak poza ematen diola ere esan du. "Ilusio handiz nator, nire esperientzia eskaintzeko asmoz".

Aste honetan itxi dute akordioa Athletic Club eta Paris Saint-Germainek (PSG), 100 milioi euroko etete klausularekin.